Zer da ajea?
Alokohola edan eta gero gure gorputzaren erantzun beharrezkoa da. Gure gorputzaren erantzun hori deshidratazioan dago oinarrituta
Ia denok bizi izan dugu inoiz ajea. Afari bat, parranda bat, ospakizun bat, edo garai honetan ohikoak diren auzoko edo herriko jaiak… eta hurrengo egunean, buruko mina, egarria, gorputz astuna… Hori da ajea, edo hori da gutxienez ajeak sentiarazten diguna. Ajea esperientzia arrunta da gure gizartean, baina horrek ez du esan nahi ez dela kezkagarria. Alkoholak gorputzean eragiten dituen aldektek azalpen klinikoa dute, eta zenbait kasutan arriskutsuak izan daitezke.
Relacionadas
Zer gertatzen da gure gorputzean alkohola kontsumitzen dugunean? Zergatik sentitzen dugu ajea? Ez dugu alkoholaren kontsumoa normalizatu behar, baina egoera hau modu arduratsuan eta informatuan aztertu behar da.
Zer da ajea?
Ajea alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ondorengo sintomen multzoa da.
Gorputzak alkohola prozesatzen saiatzen den bitartean, hainbat desoreka agertzen dira: buruko mina, egarria, goragalea, nekea, dardarak edo urduritasuna, besteak beste.
Sintomak normalean alkohol-kontsumoa amaitu eta 6-10 ordura hasten dira, eta iraupena pertsonaren arabera alda daiteke. Badaude ajea ia nabaritzen ez dutenak, eta beste batzuk egun osoa ezinean pasatzen dutenak. Ez dago formula bakarra, baina bai oinarria: gorputzak jasandako aldaketak orekatzen saiatzen ari da.
Zer gertatzen da gorputzean alkohola kontsumitzean?
Alkohola gorputzean sartzen denean, lehenik gibelean metabolizatzen da: etanola azetaldehido bihurtzen da, eta hortik azetato. Prozesu horretan, sustantzia kaltegarriak askatzen dira eta gorputzak ahalegin handia egiten du hauek neutralizatzeko.
Baina efekturik nabarmenena deshidratazioa da. Alkoholak antidiuretiko hormonaren (ADH) jarduna oztopatzen du; ADHk, normalean, gernuaren ekoizpena kontrolatzen du. Hori blokeatuta, pixa gehiago egiten dugu eta horrekin batera ura, gatz mineralak eta elektrolitoak galtzen dira. Hori dela eta agertzen dira egarria, buruko mina eta nekea.
Gainera, alkoholak odoleko azukre maila jaisteko joera du eta loaren egitura apurtzen du, atsedenik gabeko gau bat ekarriz. Ondorioz, biharamuneko ajea ez da efektu bakar baten ondorio, baizik eta gorputz osoaren desorekaren isla.
Zergatik sentitzen gara hain gaizki?
Ajea ez da irudimenaren kontua: gure gorputzean benetako desoreka fisiologikoak gertatzen dira. Horietako bat da azetaldehidoaren metaketa, alkoholaren metabolizazioaren erdiko sustantzia toxikoa. Gorputzak azkar desegin behar du, baina pilatzen bada, buruko mina, goragalea eta gorputzaren narritadura handitzen dira.
Bestetik, elektrolitoen desoreka dago. Gatz eta mineralen galera (sodioa, potasioa...) muskuluetako ahultasunaren eta neurriz kanpoko neke sentsazioaren erantzule da.
Horri gehitu behar zaio glukosa jaitsiera, eta horrek urduritasuna eta kontzentrazio falta areagotu ditzake.
Gainera, sistema immunearen aktibazioa gertatzen da, gorputzak alkohola erasotzaile gisa identifikatzen duelako. Horrek hantura-egoera sortzen du, eta horren ondorioa da burua “lainotuta” sentitzea edo gorputz osoa “matxuratuta” dagoela pentsatzea.
Zer ez du funtzionatzen (eta zergatik)
Ajearekin lotutako aholku asko entzun ditugu, baina askok ez dute oinarri zientifikorik, eta batzuek, gainera, kalte egin dezakete.
Adibidez, kafe beltz bat edateak ez du ajea “kentzen”; kafeinak tentsioa handitu dezake eta deshidratazioa areagotu. Askotan entzun dugu garagardoa edatea lagungarria dela ajea baretzeko, baina ez da egia. Ajea atzeratzea besterik ez du lortzen, eta efektuak okerragoak izan daitezke hurrengo egunean. Ibuprofenoa alkoholarekin konbinatzea arriskutsua izan daiteke urdaileko narritadura edo gibeleko arazoengatik. Eta lo egitea -nahiz eta beharrezkoa izan- ez da beti sendabidea, alkoholak loaren zikloak apurtzen baititu eta ez dugulako benetako atsedenik hartzen.
Nola arindu ajea modu arduratsuan?
Ez dago ajea magikoki kentzeko modurik, baina badaude zenbait neurri egoera arintzeko eta gorputzari berreskuratzen laguntzeko.
Edaten ari zaren bitartean, garrantzitsua da ura tartekatzea (edari alkoholdun bakoitzeko ur edalontzi bat), jatea (alkohola motelago xurgatzen da), eta edariak ez nahastea. Hori guztia lagungarria da ondorengo ajea leunagoa izan dadin.
Hurrengo egunean, hidratazioa da giltza: ura, salda edo elektrolito-edariak gomendagarriak dira. Fruituak eta elikagai freskoak (bananak, laranja-zukua, barazkiak…) energia eta mineralak ematen dizkigute. Atseden hartzea eta gorputzari lasaitasuna ematea ere funtsezkoa da. Eta garrantzitsuena: gorputza entzutea. Ajea gorputzaren alarma bat da, eta errespetatu egin behar dugu.
Temas
Más en Salud
-
Sanidad retira varios productos para tratar heridas y quemaduras por riesgo de infección
-
Qué es mejor, ¿entrenamiento de fuerza o cardio? Boticaria García tiene la respuesta
-
Mahatsa "superelikagai" gisa nabarmendu du ikerketa berri batek
-
Hanketako giharretan pilatzen den gantz "isilaren" arriskuez ohartarazi du aditu batek