Jaurlaritzak 5,8 milioi euro banatuko ditu osasuneko I+G proiektuei laguntzeko
Bizi kalitatea hobetzeko proiektuetarako laguntzen deialdia jarri du martxan Osasun Sailak
Eusko Jaurlaritzak osasun arloko ikerketa eta garapen (I+G) proiektuetarako laguntzen 2025eko deialdia onetsi du astearte honetako gobernu bileran, eta guztira 5,8 milioi euro banatuko ditu. Hala, osasun laguntza eta bizi kalitatea hobetzeko proiektuetarako laguntzen deialdia jarri du martxan Osasun Sailak.
Izan ere, Alberto Martinez Osasun sailburuaren arabera, Osasun Sailarentzat "ildo estrategikoetako bat" da I+G+B arloko jarduerak bultzatzea, eta, horretarako, ikerketa sustatu nahi du osasun sistemaren beharrei erantzuteko eta lankidetza bultzatzeko, osasun sistemaren barruan zein beste erakunde batzuekin, I+G+B arloko proiektuak sortzeko eta elkarrekin garatzeko, betiere pertsonen onurarako.
Hori dela eta, onartutako laguntzak zabaldu egin daitezke, eta helburu dute pertsonen osasuna eta osasun sistemaren jarduna hobetzen laguntzea, eta osasun laguntza eta bizi kalitatea hobetuko dituzten ikerketa eta berrikuntza proiektuen garapena babestea.
Horrela, hiru laguntza ildo izango dira. Alde batetik dago osasuneko ikerketa jarduerak sustatzea I+G proiektuen bidez, helburu izanda osasun sistemaren ahalmena indartzea eta osasun sistemaren zein gizartearen eskaerei hobeto erantzuteko behar den ezagutza sortzen eta integratzen laguntzea.
Beste alde batetik dago osasun arloko ikerketa jarduera areagotzea jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+Gko proiektuen edo jardueren bidez, I+Gko jardueretarako dedikazioa areagotzeko eta Euskadiko osasun sisteman ikerketaren kultura indartzeko.
DEIALDIA
Azkenik, osasun arloko ikerketa estrategikoa indartzea dago, "Euskadiko lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez, horiek ahalbidetu egiten baitute produktu, prozesu edo zerbitzu berrien balorizazioan eta garapenean aurrera egitea, RIS3 Euskadi-ZTBP 2030 estrategiaren ildotik".
Horrela, deialdiak 3.150.000 euro bideratuko ditu osasun arloko ikerketa jarduera sustatzeko eta osasun arloko ikerketa jarduera areagotzeko lerroko proiektuetara, eta 2.650.000 euro osasunaren arloko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroetako proiektuetara.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean dauden pertsonek eta ikertzaile taldeek hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita.