Gaixotasun onkologikoak dituzten bost adingabe palestinar eta beren senideak iritsiko dira asteazken honetan Gazako Zerrendatik Euskal Autonomia Erkidegora (EAE), Osakidetzan osasun laguntza jasotzeko. Euskal osasun zerbitzu publikoak hiru artatuko ditu Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta beste biak Donostia Unibertsitate Ospitalean.

Osakidetzatik jakinarazi dutenez, Gurutzetako eta Donostiako erietxeetako pediatrek eta onkologiako profesionalek bost pazienteen egoera ebaluatuko dute ostegunean, eta bakoitzari eman beharreko osasun laguntza nolakoa izan behar den planifikatuko dute.

Ebakuazio Medikoaren prozeduraren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak asteak daramatzate lanean Gazako Zerrendako haur palestinarrak handik ateratzen laguntzeko, eta azkenean asteazken honetan egingo da.

Osasun Sailak eta Osakidetzak parte hartzen duten bigarren ebakuazioa da, iazko uztailaren 25ean osasun arazo larriak zituzten Gazako bederatzi adingabe eta ama bat hartu eta artatu baitzituzten

Osasun Sailak eta Osakidetzak parte hartzen duten bigarren ebakuazioa da, iazko uztailaren 25ean osasun arazo larriak zituzten Gazako bederatzi adingabe eta ama bat hartu eta artatu baitzituzten.

Familiei arreta emateko, haurrek eta beren senideek irabazi asmorik gabeko errefuxiatuen aldeko erakundeek kudeatutako baliabideetan hartuko dute ostatu, eta mantenua, oinarrizko premien estaldura eta arreta integrala jasoko dute, hau da, informazioa eta orientazioa, laguntza, arreta psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen eta interpretazio zerbitzua.