Diabetesa ezagutzen
Gehien agertzen den gaixotasunetako bat izan arren, ezezagun handia izaten jarraitzen du
Diabetesa munduko gaixotasun kroniko ohikoenetako bat da. Izan ere, gaixotasun metaboliko kronikoei erreparatzen badiegu, diabetesa gaixotasun arruntena bihurtzen da helduetan. Gaur egun, Diabetesaren Nazioarteko Federazioaren arabera, 500 milioi heldu baino gehiago bizi dira gaixotasun horrekin. Estimazioak ez du onera egingo, kontua izanda datozen urteetan kopuruak goraka jarraituko duela aurreikuspenen arabera.
Gizentasunaren eta sedentarismoaren gorakadari lotuta egon arren, igoeraren aurreikuspena ez dago arrazoi bakar batean. Diabetesaren igoera populazioaren zahartzeak, faktore genetikoek, diagnostikoen hobekuntzak eta haurdunaldiko diabetesaren epe luzeko inpaktuak ere eragin dute.
Gainera, diabetesaren, obesitatearen eta sedentarismoaren arteko erlazioa aztertu egin behar da, faktore sozioekonomikoak eta hiri-faktoreak baztertu gabe, Patricia Merino doktoreak dioen bezala; izan ere, “elikagai osasungarriak eskuratzea zailagoa da gure gizarteko zenbait geruza sozioekonomikoentzat, eta hiritartzeak murriztu egin du eguneroko bizitzako jarduera fisikoaren maila”. Merinok behin eta berriz dio diabetesaren diagnostikoa aleatorioa dela oraindik, nahiz eta gaixotasun horren arrazoiak zerrendatu ditzakegun, eta, jakina, bizimodu sedentario batekin gaixotasun hori izateko aukerak handitu ditzakegula.
Zer da diabetesa?
Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta gorputzak odoleko azukrea erregulatzen duen moduari eragiten dio, hau da, glukosari, eta hori da, hain zuzen ere, gure energia-iturri nagusia. Glukosa zeluletan sartu eta erabili ahal izateko, gorputzak pankreak sortu eta jariatutako hormona bat behar du, intsulina izenekoa.
Diabetesean, prozesu horrek huts egiten du, “dela gorputzak ez duelako intsulina sortzen, dela intsulinak ez duelako beharko bezala funtzionatzen eta glukosa odolean pilatzen delako”, azaldu du Merino doktoreak. Medikuak azaldu duenez, gure gorputzak intsulina sortzen ez duenean, “1. motako diabetesa” deitzen diogu, eta, intsulinak behar bezala funtzionatzen ez duenean, “2. motako diabetesa” esaten diogu.
Diabetes motak
Hainbat diabetes mota daude, Patricia Merinok aurreratu bezala. Ohikoenak 1. eta 2. motakoak dira. Lehenengo mota haurtzaroan edo nerabezaroan agertzen da, eta gaixotasun mota hori duten pazienteei “intsulina-mendeko” esaten zaie; hau da, intsulina kanpotik hartu behar izaten dute. Aldiz, bigarren motako diabetesa ohikoagoa da helduetan, eta lotura handiagoa du elikadurarekin eta sedentarismoarekin, nahiz eta genetikarekin ere lotura duen. Kasu horretan, gorputzak intsulina sortzen jarraitzen du, baina ez du behar bezala erabiltzen.
Diabetes moten artean, haurdunaldikoa ere aurkitzen dugu, hau da, haurdunaldian agertzen dena eta, oro har, erditu ondoren desagertzen dena, nahiz eta etorkizunean bigarren motako diabetesa garatzeko arriskua handitu dezakeen, hau da, epe luzera kronifika daitekeen diabetes mota bat da.
Gaixotasunak sendabiderik ez duen arren, tratamendu egokiarekin eta bizimodu kontrolatuarekin, diabetesa duten pertsona askok bizitza osoa eta osasuntsua eraman dezakete.
Azukrerik ez?
Ideia oker bat dago: diabetesa duten pertsonek ezin dute azukrea jan, beren gorputzak ez duelako onartzen. Berez, diabetesa ez da gorputzak azukrearen aurka egiten duen erreakzioa, baizik eta gorputzak glukosa prozesatzeko duen moduaren arazoa, odolean zirkulatzen duen eta energia lortzeko funtsezkoa den azukre-motaren arazoa.
Glukosa ez da mahaiko azukre gisa ezagutzen dena soilik, karbohidratoetatik ere badator, eta karbohidrato horiek ogian, pastan, arrozean eta frutetan daude. Jaten dugunean, gorputzak hidrato horiek glukosan deskonposatzen ditu, gure zelulek erregai gisa erabil dezaten. Diabetesik ez duen pertsona baten kasuan, intsulinak glukosa hori zeluletara eramaten du. Baina diabetesa duen pertsona batengan, mekanismo horrek ez du ondo funtzionatzen, eta, ondorioz, glukosa odolean pilatzen da.
Diabetikoa txikitatik
“Gurasoek beti esaten didate oso sintoma argiekin hasi zela dena”, komentatu du Imanol Celayak; gaur egun 27 urte ditu, baina lehenengo motako diabetikoa da 3 urte zituenetik. Ur asko edaten zuela esaten du Celayak, bere gurasoek esaten diote etengabe ura edaten zegoela. Gose handia zuen, eta pisua ere azkar galtzen zuen. “Gainera, oso nekatuta nengoen eta maiztasun handiz egiten nuen pixa”, azaldu du Celayak. Gurasoek hasieran pentsatu zuten infekzio bat edo zerbait iragankorra zela, “baina ospitalera eraman nindutenean eta analisi bat egin zidatenean, lehenengo motako diabetesa nuela baieztatu zieten”.
Imanol Celayak azaldu duenez, diagnostiko azkarra eta nahiko “goiztiarra” izan zen, egunak eman baitzituen ospitaleratuta, bere diabetesa oraindik garatzen ari zelako. “Hasieran shock bat izan ze nire gurasoentzat, ni ez nintzen guztiz kontziente, beraz, erantzukizun guztian gaien gain erori zen”, azaldu du. Gurasoek 0tik 100era pasatu behar izan zuten, eta ikasi behar izan zuten intsulina injektatzen (diabetesa diagnostikatu zioten garaian eskuz neurtzen zen), elikadura kontrolatzen (hau da, errazioak zenbatzen karbohidratoei erreparatuz) eta azukrea jaistearen edo igotzearen edozein seinaleri adi egoten.
Ume baten egunerokotasuna
Imanol Celayak azaldu duenez, erabateko aldaketa izan zen, bai berarentzat, bai familia osoarentzat. Gurasoek bizimodu berrira egokitu behar izan zuten: glukosa egunean hainbat aldiz neurtu, intsulina jaten zuenaren arabera kalkulatzen ikasi eta hipogluzemia bat (hau da, azukre-jaitsiera bat) edozein unetan tratatzeko prest egon.
“Amak beti esaten du begi bat irekita lo egiten zuela, gauez nire azukrea gehiegi jaitsiko ote zen beldurrez”, azaldu du Celayak. “Une zailak ere bazeuden; adibidez, nire lagunek urtebetetze-egunean jaten zuten gauza bera jan nahi nuenean, okerrago nuen nire glukosa neurtzea edo intsulina injetatzea”.
Eskola eta kirolaren erronka
Ikastetxean, erronka handiena irakasle eta ikaskideek euren egoera ulertzea izan zen. “Gurasoek ikastetxearekin hitz egin behar izan zuten azaltzeko zorabiatuta edo oso nekatuta nabaritzen baninduten azukre jaitsiera izan zitekeela, eta berehala zerbait jateko beharra nuela”, kontatzen du. Batzuetan, azterketetan, urduri jartzen zen, eta horrek bere glukosa-mailari eragiten zion. Beraz, bizkar-zorroan beti zuku bat edo gaileta batzuk eramaten ikasi zuen.
Kirolaren ere izan ziren aurre egin beharreko erronkak. Imanol Celayari izugarri gustatzen zaio futbola, “baina hasieran gurasoak beldur ziren hipogluzemia batek partidu betean eragingo ote zidan”, azaldu du Celayak. Denborarekin ikasi zuen glukosa neurtzen ariketa egin aurretik, eta ondoren, noski. “Arazorik gabe egiten jarraitzen dut kirola, hobeto planifikatzen naiz, eta, hain zuzen, hori da nire diabetesaren terapia osagarritzat hartzen dudana”, azaldu du.
Mitoei aurre egiten
Imanol Celayak behin eta berriro azaldu behar izan du zer den diabetesa eta zelan eragiten dion. Hala ere, hori azaltzeaz nekatzen ez dela ziurtatzen du: “Azken finean, ezjakintasun handia dago eta ez zait inporta horren inguruan hitz egitea”.
Diabetesak azukrearekin duen lotura beti da gezurtatzen saiatzen den lehen mitoa: “Mito bat baino, desinformazio eta orokortze kasu bat da”, zehazten du. Lehen azaldu bezala, diabetesa konplexuagoa da.
Aurre egitea gustatzen zaion beste mitoetako bat bigarren motako diabetesak zahartzaroarekin edo obesitatearekin duen harreman zuzenarena da: “Jakina, ohikoagoa da helduetan, baina ez da adin tarte horretakoa bakarrik, ezta gehiegizko pisua duten pertsonena ere”, azaldu du. Bigarren motako diabetesean faktore genetikoek eta beste elementu batzuek eragin dezakete. Gainera, badira hain ezaguna ez diren diabetesa motak ere, hala nola, LADA, hedluen artean garatzen den diabetes autoinmune bat, edo MODY, pisu osasungarria duten gazteen artean agertu ohi den mota hereditarioa.
Gezurtatzea gustatzen zaion beste mito handietako bat da diabetesa duten pertsonek ezin dutela kirolik egin: “Hau erokeria bat da, kirola gure diabetesa kontrolatzeko gauzarik onuragarrienetako bat baita”. Maiz egiten dioten galdera da ea denborarekin diabetesa ohitzen zaren. “Kontu hau, modu irrazionalean, gehien haserretzen nauenetako bat da”, azaldu du, “ez zara inoiz ohitzen, berarekin bizitzen ikasten duzu, baina diabetesa aldakorra da, eta aldartean eragiten dizu, adibidez”.
Imanol Celayak bi gauza argi utzi nahi ditu: gaur egun ez dagoela diabetesarentzako sendabiderik, eta ez dagoela gaixoaren esku sendatzea, eta gaixotasun horren inguruko ikerketa bultzatzen jarraitu behar dela, “ez bakarrik sendabide bat aurkitzeko, baizik eta gaixotasun hori pairatzen dugun pertsonon bizitza errazteko, ez baikara gaixotasun hori izatearen errudun”.