Osakidetzak simulazio aurreratuko zentro berritzaile bat inauguratu du Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalean. Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean sortutako erietxe birtuala abangoardiako zentroa da, azken belaunaldiko teknologiarekin, eta ingurune kliniko errealista bat sortzea du helburu, ikasleek eta profesionalek praktikak egin ditzaten pazientearen segurtasunerako arriskurik gabe.

Osakidetzak 350.000 eurotik gorako inbertsioa egin du: 292.240 euro espazioa eraberritzeko eta 59.885,79 euro ekipamendua eta altzariak erosteko. "Ospitale birtualean ingurune berritzaileak sortzen ditugu, etorkizuneko profesionalak gaurko teknologiarekin prestatzeko", adierazi du Celia Sañudo ospitale birtualeko koordinatzaileak.

Ingurune horrek egoera klinikoak berdintzeko aukera ematen du, eta horrek, oinarri metodologiko sendo batekin batera, trebetasun teknikoetan eta ez-teknikoetan prestakuntza ematen lagunduko du.

Ospitale birtuala Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko 0 solairuan dago. Bi simulazio gela balioaniztun ditu, agertokietara egoki daitezkeenak, hala nola kritikoen boxa, ebakuntza gela, larrialdietako gela edo ospitalizazio orokorreko gela, irakaskuntza programa bakoitzaren beharrei erantzuteko.

Kontrol gelatik, irakasleek denbora errealean gainbegiratzen eta maneiatzen dituzte simulazioak, norabide bakarreko ispilu baten bidez, ikus-entzunezko azken teknologia erabiliz eta kasu bakoitzean monitorizazio zehatza ziurtatuz. Horrekin guztiarekin, lehendik dauden ikastaroak hobetu nahi dira, eta beste batzuk diseinatu, osasun arretako prozesuan erabakigarria izango den prestakuntza prozesu integrala sustatuz.

Simulazio gelez gain, 'debrifing' gela bat dago, simulazioak bateratu eta aztertzeko diseinatua; ordenagailuak eta multimedia pantaila ditu, eta ikasleen prestakuntza teorikorako ere erabiliko da, ikaskuntza praktikoa indartuz. Prestakuntza osatzeko, ospitale birtualean kontsulta mediko bat dago, medikuen eta pazienteen arteko komunikazioa hobetzera bideratutako elkarrizketa medikoak egiteko, baita miaketa klinikoa egiteko ere.

ESIaren intranet korporatibotik web plataforma baterako sarbidea gaitu da. Bertan, ospitale birtuala, haren kudeaketan lan egiten duen taldea eta tokia erreserbatzeko harremanetarako informazioa ezagutzeko bideo bat ikusi ahal izango da.