Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Medikuntza Nuklearreko Zerbitzua berregituratu eta handitu du, eta egungo garaira egokitutako instalazio modernoa osatu du, irudi bidezko diagnostikoko abangoardiako teknologiarekin. Horretarako, euskal osasun zerbitzuak 8,4 milioi euro inbertitu ditu azken bost urteetan.

Hala, Osakidetzatik jakinarazi dutenez, Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuaren espazioa eta ekipamendua berrituz, irudi bidezko diagnostikoko ahalmena "nabarmen" handitu da eta diagnostiko zehatzagoak eta goiztiarragoak egiten dira. Hartara, 14.000 pazienteri baino gehiagori eskaintzen zaien arreta hobetu da, "arreta integrala eta pertsonalizatua eskaintzen den heinean".

Zerbitzuak onkologia, pneumologia eta hematologiako pazienteak artatzen ditu batik bat, eta "nabarmen" hazi da azken urteotan. Horrenbestez, gero eta proba gehiago egin dira eta gero eta paziente gehiago artatu dira: 2023an 38.000 proba inguru egin ziren, aurreko urtean 31.000 proba izan zirenean. Artatutako pazienteen kopuruak ere nabarmen egin du gora: 13.000 pertsona izan ziren 2022an, eta 14.500 inguru 2023an.

Zerbitzua osatzen duten irudi bidezko diagnostikoko bost ekipoak azken belaunaldiko ekipoekin ordeztu dira. Puntako teknologia horren bidez, irudi bidezko diagnostikoaren ahalmena eta osasun emaitzak hobetu dira eta pazienteen segurtasuna areagotu da, gaixotasunaren diagnostiko zehatzagoa eta goiztiarragoa lortzen baita. Zehazki, Osakidetzak SPECT-TC gamma kamerako hiru ekipo berri eta PET CT digitaleko bi ekipo berri instalatu ditu.

Gainera, zerbitzua berregituratu eta handitzeko obren ondoren, erabat birmoldatutako hiru gune sortu dira: Medikuntza Nuklear Konbentzionaleko Unitatea, PET-CT unitatea eta bulegoen eta txosten gelen eremua. Hartara, pazienteak eta senideak hartzeko espazioa irabazi da. Halaber, Terapia Metabolikoaren eremurako isolamendu gela berriak sortu dira ospitalizazioko 2. A solairuan, eta, hala, ospitaleratzean erosotasuna eta larrialdiko laguntza medikoa hobetu dira.