Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gogorarazi du, aurrerapen handiak lortu diren arren, GIBak ebatzi gabeko osasun-arazoa izaten jarraitzen duela eta are larriagoa dela gizarte-estigmaren eta diskriminazioaren ondorioz.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Juan Uriarte Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak eta Marco Imbert EuskalSida plataformako presidenteak prentsaurrekoa egin dute HIESaren Mundu Eguna dela eta. Prentsaurrekoan adierazi dute bat datozela ONUSIDA 2030 txostenak GIBaren epidemiari 2030. urtean amaiera emateko finkatutako helburuekin.

Ildo horretatik, Gotzone Sagardui sailburuak nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak GIBaren infekzioa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko Plan Estrategikoa (2022-2030) jarri dutela abian. Izan ere, plan horrek jarraipena ematen dio Euskadin azken hamarkadetan egindako lanari, eta, ONUSIDA txostenean emandako jarraibideekin bat etorriz, 4 helburu nagusi ditu:

GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen prebentzio bateratua sustatzea, esku-hartze biomedikoak, portaerazkoak eta estrukturalak uztartuz.

Diagnostiko goiztiarra sustatzea.

Tratamendu goiztiarra sustatzea eta GIBaren infekzioaren kronikotasuna maneiatzea.

GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta diskriminaziorik gertatzen ez dela bermatzea.

 Gogorarazi duenez, plan horren barruan egindako ekintzen bidez, Euskadi gai izan da aurrera egiten jarraitzeko eta emaitza aipagarriak lortzeko. Horien artean hauek nabarmendu ditu besteak beste:  

- Osakidetzak iaz 6.273 paziente artatu zituen erretrobirusen kontrako tratamenduekin, 18 milioi euro inguruko gastuarekin, 2021ean baino % 5,5 gehiago.

- GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programa (PrEP) abian jarri zenetik, 674 pertsona artatu dira modu prebentiboan programa horri esker.

- Prebentzio-ahalegina ikastetxeetara zabaltzen da, baita kanpaina espezifikoen bidez ere, hala nola aurtengo udan preserbatiboaren erabilera sustatzeko egindako kanpainaren bidez.

Hala ere, onartu duenez, oraindik erronka handiak ebazteke ditugu gure inguruan, eta horien artean diagnostiko goiztiarra dago: Estatuan GIBaren ondoriozko infekzioa duten pertsonen % 7,7 ez daude diagnostikatuta, eta ONUSIDA txostenak 2025ean % 5era jaistea du helburu. Arazo horrek, bigarren alderdi bat du, diagnostiko berantiarra: Europan gertatzen den bezalaxe, Euskadin urtero egiten diren GIBaren diagnostiko berrien erdiak baino gehiago berandu egindakoak dira, hau da, immunitate-sistemak jada kalte nabarmena jasan duenean egindakoak dira.

Era berean, Osasuneko sailburuak berretsi du oraindik ere behar-beharrezkoa dela GIBaren ondoriozko estigmari eta diskriminazioari aurre egiten jarraitzea, GIBarekin bizi diren pertsonei bidegabe eragiten baitie, eta horrek, aldi berean, diagnostikoa egiteko zailtasunak sortzen baititu.  

Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidente Juan Uriartek, berriz, farmazietan egiten den GIBaren test azkarraren programaren eraginkortasuna nabarmendu du. Europan aitzindaria izan zen esperientzia hori 2009ko martxoan hasi zen, Hiesaren Planaren, Osasun Sailaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargoen eskutik. Programa hori Euskadiko 60 farmaziatan gauzatzen ari da, eta, horrela, proba hori herritar guztiengana errazago iristea ahalbidetu da. Hartara, erkidegoko farmaziak Osakidetzaren beraren baliabideen osagarri bihurtu dira. Halaxe erakusten dute Uriartek berak emandako datuek: 2009an hasi zenetik aurtengo irailera arte, programari esker GIBaren 32.694 test azkar egin ahal izan dira, eta horietatik % 0,7 (224) emaitza positibo berriak izan dira.

Era berean, arlo horretan lan egiten duten Euskadiko gobernuz kanpoko erakundeak biltzen dituen EuskalSida plataformako presidente Marco Imbertek ere GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen diagnostiko goiztiarraren garrantzia nabarmendu du. Ildo horretatik, sexualki aktibo dauden biztanleak gonbidatzen ditu GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen aurkako proba diagnostikoak barne hartuko dituen azterketa erregularra egitera, nork bere burua zaintzeko estrategia gisa. Aldi berean, EuskalSida plataformak eta hura osatzen duten gobernuz kanpoko erakundeek GIBarekin bizi diren pertsonak, haien eskubideak eta beharrak zaintzeko duten konpromisoa berretsi du, GIBaren errealitate berriaren, kronikotasunaren, zahartzearen eta kolektiboaren bizi-kalitatearen arazoei aurre egiteko helburuarekin.  

ONUSIDA txostenak 90-90-90 deituriko helburua ezarri zuen 2020rako. Hau da, GIBak infektatutako pertsonen % 90ek beren egoera serologikoa ezagutzea; diagnostikatutako pertsonen % 90ek erretrobirusaren aurkako tratamendua jasotzea; eta tratamenduan dauden pertsonen % 90ek detektaezina den karga birala izatea.

Gero, helburu hori 95-95-95era igo zen 2025. urterako. Eta “laugarren 95a” deiturikoa erantsi zen: GIBarekin bizi diren pertsonek bizi-kalitate ona izan dezaten bermatzea.

ONUSIDA txostenak horizonte estrategiko itxaropentsua zabaldu du orain, 2030. urterako GIBaren epidemia amaiarazteko helburuarekin.