Síguenos en redes sociales:

EAJk irabaziko lituzke Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, EH Bildu hurbil duela

PSE-EEk zazpi eserleku izango lituzke

EAJk irabaziko lituzke Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, EH Bildu hurbil duelaUtzitakoa

Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira EAJ izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen %29,4 eskuratuta, eta EH Bildu izango luke hurbil, botoen %28arekin, Arabako Foru Aldundiak ostegun honetan ezagutzera eman duen 2026ko maiatzeko Arabako Lurralde Historikoko Barometro Soziologikoaren datuen arabera.

Bi alderdi abertzaleen ondoren PP egongo litzateke, botoen %15,5ekin, eta jarraian PSE-EE, distantzia txikira, bozen %15,4ko zenbatespenarekin. Voxek botoen %4,5 lortuko luke, Sumar Mugimenduak %3,3, eta Elkarrekin Araba-Podemosek %1,9.

Zenbatespen horiekin alderdi politikoek Batzar Nagusietan izango luketen ordezkaritzari dagokienez, EAJk 17 eserleku lortuko lituzke, 2023ko foru hauteskundeetan baino bi gehiago, eta EH Bilduk 15, hau da, gaur egun baino bat gehiago.

PSE-EEk zazpi eserleku izango lituzke, aurreko hauteskundeetan baino bi gutxiago, eta PPk egungo bederatzi ordezkariei eutsiko lieke. Voxek presentzia bikoiztuko luke, eta bi eserleku izango lituzke, Sumar Mugimendua foru ganberan sartuko litzateke eta ordezkari bat izango luke, eta Elkarrekin Podemosek egungo hiru eserlekuak galduko lituzke.

BESTE GAI BATZUK

Guggenheim Bilbao Museoak irekiera ordutegia luzatuko du udako bisitari kopuru handiari erantzuteko datorren astelehenetik, ekainaren 15etik. Neurria irailaren 13ra arte egongo da indarrean, eta museoa 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik egunero.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, Bilboko museora hurbiltzen diren bisitariek honako erakusketa hauek izango dituzte ikusgai: 'Jasper Johns: Night Driver', 'Ruth Asawa: Atzerabegikoa, 'In situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa', eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak biltzen dituen erakusketa iraunkorra.

Horrekin guztiarekin batera, 'Artea Ikasbide 2026' programari eskainitako erakusketa ere ikusgai izango da museoan datorren astelehenetik aurrera.