Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, bi dekretu onartu ditu, Euskadin Lanbide Heziketako titulu berrien curriculumak ezartzeko, mugikortasun seguru eta jasangarriarekin eta elikagaien industriekin lotutako eremu estrategikoetan.
Irakaskuntza berri horiek indartu egiten dute Hezkuntza Sailak produkzio-sarearen beharrekin eta egungo gizarte-erronkekin lerrokatutako Lanbide Heziketaren alde egindako apustua, prestakuntza-eskaintza zabalduz eta ikasleen enplegagarritasun-aukerak hobetuz.
Mugikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntza
Lehen dekretuak Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Prestakuntzako goi-mailako teknikariaren prestakuntza-zikloaren curriculuma ezartzen du, 2.182 orduko iraupena duen goi-mailako titulazioa (120 ECTS kreditu).
Ziklo honen helburua da bide-hezkuntzaren, mugikortasunaren segurtasunaren eta garraioaren jasangarritasunaren arloko prestakuntza-ekintzak diseinatzeko, emateko eta ebaluatzeko gai diren profesionalak prestatzea, bide-segurtasunaren, garraio-moduen erabileraren bizikidetzaren eta ingurumen-jasangarritasunaren balioetan heziz.
Lanbide-profilak hainbat funtzio hartzen ditu bere baitan, hala nola gidarien prestakuntza, bide-hezkuntzako programen garapena, mugikortasun-planetan parte hartzea edo erakunde publiko eta pribatuei mugikortasun seguru eta jasangarriari buruzko aholkuak ematea.
Irteera profesionalen artean, aipatzekoak dira bide-prestakuntzako irakaskuntza, autoeskolen zuzendaritza, bideko sentsibilizazio- eta berreziketa-ikastaroak ematea edo administrazio eta erakundeetan hezkuntza-programetan eta mugikortasun-planetan parte hartzea.
Titulazio berri honekin, Lanbide Heziketako euskal sistemak bide-segurtasunarekin, garraiobideen arteko bizikidetzarekin eta mugikortasun-eredu jasangarriagoetarako trantsizioarekin lotutako eskaera sozial gero eta handiagoari erantzuten dio.
Elikagaien industriak bultzatzea: oliba-oliogintza eta ardogintza
Onartutako bigarren dekretuak Oliba-oliogintzako eta ardogintzako teknikariaren prestakuntza-zikloaren curriculuma ezartzen du: erdi-mailako titulazioa, 2.182 orduko iraupenarekin.
Prestakuntza-ziklo honek ikasleak gaitzen ditu oliba-olioak, ardoak eta beste edari batzuk elaboratzeko, eraldatzeko, ontziratzeko, etiketatzeko, enbalatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak garatzeko, produktuaren kalitatea eta elikagaien segurtasunaren eta ingurumen-babesaren arloko araudia betetzea bermatuz.
Lanbide-profilak barnean hartzen ditu erauzketa- eta hartzidura-prozesuen kontrolarekin, produktuen egokitzapenarekin, kalitate-kontrolarekin, instalazioen kudeaketarekin eta merkaturatzearekin lotutako eskumenak, bai eta trazabilitatearekin, landutako produktuen osasungarritasunarekin eta produkzioaren jasangarritasunarekin lotutakoak ere.
Tituludunek olio-errotetan, upategietan eta elikagaien sektoreko enpresetan egin ahal izango dute lan, enpresa txikietan zein handietan, eta funtzio teknikoak beteko dituzte ekoizpenean, kalitate-kontrolean edo merkaturatzean.
Etorkizunarekin konektatutako Lanbide Heziketa
Bi dekretu horiek onartuta, Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketa modernoa, malgua eta sektore berri eta estrategikoekin konektatua indartzen jarraitzen du.
Bi zikloek eskaera gero eta handiagoa duten esparruei erantzuten diete —mugikortasun jasangarria eta elikagaien industriak—, eta ikasleak eraldatzen ari den lan-merkatu baterako prestatzen laguntzen dute, prestakuntza praktikoa, eguneratua eta enplegura, jasangarritasunera eta sektore horiekin lotutako zerbitzuen eta produktuen kalitatea hobetzera bideratua eskainiz.