2025. urtean, Ikerbasquek 30 ikertzaile berri erakarri zituen eta ondorioz Ikerbasqueko komunitatea 417 lagunek osatua geratu zen; gainera, ikerketarako 49 milioi euro baino gehiago lortu zituen. Hauek dira aste honetan goizean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossíok eta Politika Zientifikoko zuzendari Amaia Esquisabelek aurkeztutako balantzearen daturik esanguratsuenetako batzuk. Haiekin batera, aurkezpenean Ikerbasqueko bi ikertzailek ere parte hartu dute: Marina Medinak eta Irati Garmendiak.

Aurkeztutako datuen arabera, 2025. urtearen amaieran, Ikerbasquek 417 ikertzaile zituen guztira, ibilbide zientifikoa garatzeko hiru kategoriatan banatuta: 214 ikertzaile kontsolidatu, esperientzia handikoak eta lidergo gaitasuna dutenak; 107 gazte ikertzaile, goi-mailako zientzialari-taldea osatzea helburu dutenak; eta 96 Research Associate, ikertzailearen ibilbidearen etapa desberdinak osatzen laguntzen duen figura ertaina. Egituraketa honek bikaintasun zientifikoa sendotzeaz gain, ekoizpen zientifikoa ere bultzatu zuen: 1.726 artikulu argitaratu ziren nazioarteko eragin handiko indexatutako aldizkarietan.

Ikerbasqueko ikertzaileek iaz lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 49 milio eurokoa izan zen (2024ean baino 2 miloi euro gehiago). Kanpoko finantzaketaz landutako 1.346 proiektutatik, 5 proiektu berri ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.685 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan. Era berean, ikertzaileek 48 spin-off sortzen lagundu dute, izan ere, enpresa-ekimen hauen jarduerak prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du oinarri, ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta.

XEHETASUNEZ

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira. Horien artean, gizonak dira nagusi (%69), emakumezkoen %31aren aldean. Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, %44 zientzia esperimentalen arloko espezialistak, %26 medikuntza-zientzietakoak, %16 ingeniaritza arlokoak eta %14 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira: MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

Joan den urtean lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa 6 aldiz hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Orain arte, Ikerbasqueko programek 28 milioi euro lortu dituzte Europako Batasunetik.

Fernando Cossio, zuzendari zientifikoaren hitzetan: “Ikerbasqueren arrakastaren gakoetako batzuk honako hauetan aurki ditzakegu: hautaketa- eta ebaluazio-prozesuetan izan dugun independentzia, Zientzia Batzordearen kalitate handia, ikertzaileen bikaintasun zientifikoa eta gure politika zientifikoaren helburu estrategikoekin duten lerrokadura. Eta batez ere, Euskadiko zientzia eta teknologia sare osoari zerbitzua emateko borondatea: unibertsitateei, CIC-ei, BERC-ei, aliantza teknologikoei eta ospitaleei”.

Era berean, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak nabarmendu duenez, 2025ean, Plan Estrategikoan ezarritako aurreikuspenekin bat etorrita, Ikerbasquek irmotasunez indartu du Zientziarako Fundazioaren izaera, EAEn abangoardiako zientziaren katalizatzaile legez dituen eginkizunak zabaldu eta dibertsifikatu dituen heinean. “Ikerketa arloko talentua erakarri eta garatzetik, ikerketa-jardueraren kudeaketan papel aktiboagoa hartzera igaro zen lehendabizi –BERC batzuen gobernantzan parte hartuz–, eta iaz, azpiegitura zientifikoen kudeaketan murgildu zen, IBM Quantum System Two kokatuta dagoen Donostiako Ikerbasque Zentroa kasu”, azpimarratu du.