Udalbiltzak, Emagin elkarteak eta aditu mahai batek sortutako 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' liburuxkan bildutako ideiak aurkezteko saioak egingo dira Euskal Herrian zehar, aste honetan Abadiñon (Bizkaia) hasita. Liburuxka paperean eskuratu ahal izango da herriz herriko saioetan, eta online formatuan ere eskura daiteke Udalbiltzaren webgunean.

Udalbiltzatik gogorarazi dutenez, argitalpena 2025. urteko azaroan aurkeztu zuten Miramon Teknologia Parkean, Donostian, zaintza sistemaren inguruan hausnartzeko antolatutako jardunaldi batean. Orain, liburuxkan bildutako ideiak eta edukiak aurkeztu eta osatzeko asmoz, herrialdez herrialde antolatu dira saioak, eta Udalbiltzako eta Emagineko kideak izango dira bertan.

Saioak arratsaldez izango dira, 18:00etan hasita, eta gehienez ordu eta erdiko luzera izango dute. Argitalpenaren eduki nagusiak aurkezteaz gain, herrialdeotako eragile eta herritarren hausnarketak biltzeko baliatuko dira saioak.

Udaberrian, Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean bi saio egiteko asmoa dute, eta Ipar Euskal Herrian udara aldera gauzatuko dira. Lehen saioa Bizkaian izango da, Abadiñoko Errota kultur etxean, ostegunean, martxoaren 26an; Leitzan (Nafarroa) izango da hurrengoa, apirilaren 22an, eta hilaren 29an, Arrasaten (Gipuzkoa). Maiatzean Gasteiz, Antsoain (Nafarroa) eta Ezkerraldera (Bizkaia) joateko asmoa azaldu dute, eta ekainean, bestetik, Kanpezun (Araba) eta Hondarribian (Gipuzkoa) izango dira.

ZAINTZA KONTZEPTUA BIRDEFINITU

Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zen joan den urtean, eta eraldatzailea izan dadin zein oinarri izan behar dituen zehaztekoa.

Bada, Emagin elkartearekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, ahots anitzak behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen, esku hartze komunitarioan lanean ari direnen, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenen, unibertsitateetako irakasleen, gizarte zerbitzuetako langileen, etxez etxeko langileen, sindikalgintzan ari direnen edota pentsiodunen parte hartzearekin.

Urtebeteko prozesuaren ostean, zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' liburuxka sortu zen (Emagin arduratu zen erredakzioaz**).

Sistemaren trantsizioan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; bigarrenak, aldiz, eskuhartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu.

Liburuxkaren aurkezpenean eta azaroaren 7an Donostian egindako jardunaldian adierazi zenez, argitalpenean bildutakoak balizko proiektu zaintzaileak abiatzeko gako batzuk dira, eta ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat.