Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2026-2027 aldirako ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzen deialdi bat onetsi du astearte honetan, 500.000 euroko zuzkidurarekin. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimenaren helburua da unibertsitateen eta enpresen arteko ezagutzaren transferentzia indartzea eta lankidetza sendotzea, Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa.
Jaurlaritzaren arabera, deialdiak ikerketa aplikatuko proiektuak sustatuko ditu, hain zuzen ere, erronka zientifiko garrantzitsuak planteatzen dituztenak eta horien emaitzek euskal enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzen zuzenean laguntzen dutenak. Neurri hori 2022-2026 epealdirako Unibertsitate-Enpresa Estrategiaren barruan sartzen da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2030 Planean definitutako trantsizio handiekin bat datozen jarduerak lehenesten ditu: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sozial-sanitarioa.
Unibertsitateko ikerketa taldeek garatu behar dituzte proiektuak, eta egoitza Euskadin duen enpresa baten parte hartze aktiboa beharko dute gutxienez. Laguntzak 100.000 eurorainokoak izan daitezke 12 ikertzaile doktore edo gehiagoko taldeentzat, eta 50.000 eurorainokoak talde txikiagoentzat. Enpresa parte hartzaileek proiektuaren kostu osoaren %10 jarri beharko dute gutxienez (gauzatan ere egin daiteke ekarpena), eta proiektuek urtebete edo bi urte iraungo dute, aurten hasita.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatuta dauden unibertsitateetako ikerketa egiturek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Gainera, beste eragile batzuen parte hartzea sustatuko da, hala nola BERC, zentro teknologikoak eta CICenak, erakunde laguntzaile gisa.
Esleipena norgehiagoka erregimenean egingo da, eta hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola proiektuaren kalitate zientifiko-teknologikoa, enpresaren inplikazio maila, emaitzak transferitzeko plana eta Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren (RIS3) eta Euskadi 2030 ZTBPren erronketara egokitzea.