Udalak eta Euskaltzaindiak Hegoalde gizarte-etxean aurkeztu dute ‘Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak’ erakusketa. Hiriko gizarte-etxeetan pixkanaka ikusgai izango den erakusketa multzoaren lehenengoa da. Ekimena Euskararen Udal Zerbitzuak bultzatu du, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailaren laguntzarekin, toponimia zer den eta komunitate baten garapenean eta nortasunean zer zeregin betetzen duen azaltzeko. Erakusketa bakoitzak kokatuta dagoen inguruko toponimoei buruzko erreferentziak jasoko ditu. Horiek guztiak Euskaltzaindiak Vitoria-Gasteizko toponimiari buruz 30 urte baino gehiagoz egin duen azterlanean jasota daude.
Aurkezpenean María Nanclares Euskara zinegotziak eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak parte hartu dute, eta Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia ere bertan izan da.
“Erakusketa hau abian jarrita, Gasteizko kultur ondarea herritarrengana hurbildu nahi dugu, eta hiriko ondare immateriala zabaltzeko dugun konpromisoa indartu. Gainera, tradizioz auzoak, kaleak, ibaiak eta beste leku batzuk identifikatzeko erabili izan diren toponimoekiko interesa piztu nahi dugu, eta gure memoriaren eta identitate kolektiboaren parte diren izen horiei balioa eman”, azaldu du Nanclaresek.
Gonzalez de Viñasprek, berriz, honako hau nabarmendu du: “Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren emaitza da Hegoalde gizarte-etxean inauguratzen den erakusketa iraunkor hau. Sorburua du Henrike Knörr-ek bultzatu zuen Gasteizko Toponimia ikerketa-proiektuan, alegia 2009. urtetik 2024.era argitaratu diren bederatzi liburuetan. Aldi hori amaituta, bat etorri gara Gasteizko Udala eta Euskaltzaindia toponimia ondare oparo hau gizarteratu beharra dagoela, liburuetatik harago eramanez eta herritarren eskura jarriz, gasteiztarrok balio kultural honen jakitun eta jabe izan gaitezen. Izan ere, leku-izenek interes historikoa dute, bistan da; aldi berean erreferentzia praktikoak izan daitezke gure bizimoduan eta, jakina, legatu baliotsua bihar-etziko belaunaldientzat”.
ERAKUSKETA
Erakusketa bakoitzak biniloak eta beste euskarri grafiko batzuk konbinatzen ditu, eta bi ataletan egituratzen da. Lehenengoa erakusketa guztietan komuna izango da eta toponimiaren alderdi orokorrak eta haren garrantzi kultural, historiko eta linguistikoa azaltzen ditu, eta bigarrenak, auzo bakoitzerako espezifikoa izango den zatiak, tokiko toponimoak irakurtzea eta interpretatzea du ardatz. Horren barruan, herritarren interesa pizteko eta memoria kolektiboa osatzen duten izen tradizionalei balioa emateko asmoz, toponimo esanguratsuenei eta datu bitxiei buruzko aukeraketa egongo da ikusgai.
Hegoalde gizarte-etxeko erakusketan tokiko toponimoei lotutako Gasteizko kale-izendegiko izenak aurkitu ahal izango dira, hala nola, Adurtza, Goikolarra, Olarizu eta San Kristobal auzoak eta Bitoriabidea, Camino de Mendiola, Campo de los Palacios, Iturritxo, Los Molinos eta Salbatierrabide kaleak.
Zabalgana gizarte-etxeko erakusketa martxoaren 26tik, ostegunetik, aurrera bisitatu ahal izango da eta bisita gidatuak izango ditu. Aldaia, Borinbizkarra, Elexalde, Mariturri edo Zuhatzubidea bezalako guneei gaur egun izena ematen dieten udalerriko toponimo historikoak ezagutzeko aukera emango du erakusketak.