Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen eta itunpekoen sareko 800 ikasle bildu ditu gaur goizean Durangon. Ikasle horiek datozen asteetan ERASMUS+mugikortasun beken programan parte hartuko dute. Ekimen hori funtsezkoa da beren prestakuntza, nazioarteko proiekzioa eta garapen pertsonala indartzeko.
Ikasleek praktika dualak egingo dituzte Europako 25 herrialdetako enpresetan, eta 15 egun eta hiru hilabete arteko egonaldiak egingo dituzte beren lanbide-eremuari lotutako erakundeetan. Hezkuntza Sailak ikasleen mugikortasuna sustatzen du, SEPIEren (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua) mugikortasun-proiektuen baterako finantzaketaren bidez, ikasleek prestakuntza osatu, nazioarteko esperientzia eskuratu eta egiten ari diren heziketa-zikloaren titulua lortzen aurrera egin dezaten.
“Mugitu, ikasi eta bizi, Erasmus + Lanbide Heziketarekin” jardunaldia Landako Gunean egin da, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak parte hartu du. Jardunaldi hori Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategiaren barruan kokatzen da, eta nazioartekotzea du lehentasunezko ardatzetako bat. Estrategiaren bosgarren ardatzak, Euskadi Globalak, helburu hauek ditu: Lanbide Heziketaren dimentsio europarra eta nazioartekoa indartzea, ikasleen enplegagarritasuna hobetzea, hainbat testuingurutan konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eskuratzen laguntzea, eta talentu gaztea ekoizpen-sarearen eta gizarte osoaren egungo eta etorkizuneko beharrekin konektatzea.
Bere hitzaldian, Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Erasmus+programak “ikasleen prestakuntza teknikoa eta profesionala indartzen duela, nazioarteko ikuspegia zabaltzen duela eta balioak barneratzen laguntzen duela”. “Hezkuntzak ez du lan baterako bakarrik prestatzen, gizartean bizitzeko prestatzen du: elkarrekin bizitzeko, herritar arduratsuak izateko, demokraziarekin konprometitzeko eta askatasuna eta elkartasuna defendatzeko. Hori guztia beste testuinguru batzuetan bizi eta lan egiten denean ere ikasten da”, adierazi du Pedrosak.
MEZUA
Sailburuak mezu zuzen bat bidali die ikasleei, esperientziaren balio pertsonala eta profesionala nabarmenduz: “Erasmus beka ez da bidaia bat bakarrik: beste testuinguru batean bizitzen eta lan egiten ikastea da, erronka berriei aurre egitea eta pertsona gisa haztea. Bueltan konfiantza gehiagorekin, ezagutza handiagorekin eta beste begirada batekin itzultzea suposatzen du. Esperientzia horiek arrastoa uzten dute eta bizitza osorako balioa dute”, adierazi du.
Era berean, gazteak aukera horretaz baliatzera eta Euskadirekiko loturari eustera animatu ditu, “aprobetxatu aukera hau, ikasi, galdetu eta gozatu esperientziaz. Eta kanpoan zaudetenean, gogoratu Euskadiko enbaxadoreak zaretela. Ikasitako guztia bueltan ekarriko duzue, eta argi izan euskal gizarteak zuen talentua, prestakuntza eta munduari anbizioz eta konpromisoz begiratzeko gaitasuna behar dituela” azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak emandako bekak Austrian, Bulgarian, Kroazian, Zipren, Txekiar Errepublikan, Danimarkan, Estonian, Finlandian, Frantzian, Alemanian, Grezian, Hungarian, Islandian, Irlandan, Italian, Letonian, Lituanian, Maltan, Polonian, Portugalen, Serbian, Eslovakian, Eslovenian, Suedian eta Herbehereetan garatuko dira.