Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduen 2025eko dominak banatzeko ekitaldia hartu du gaur goizean. Ekitaldia urtero egiten da, otsailaren 11n ospatu ohi den 112ren Europako Eguna dela-eta. Ekitaldiaren buruan Bingen Zupiria sailburua izan da, eta Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariarekin batera banatu ditu dominak.
Ekitaldian guztira 41 domina banatu zaizkie, bereizgarri gorridun bat (altuena) eta bereizgarri berdedun 42, azken urtean zehar babes zibilaren arloan merezimendu bereziko jarduketak egin dituzten 41 pertsonari. Zehazki, bereizgarri berdedun 42 domina eta bereizgarri gorridun bat banatu dituzte. Gainera, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituztela egiaztatzen duten 41 diploma eman dizkiete babes zibileko udal-boluntarioei.
Segurtasuneko sailburuak eskerrak eman dizkie aintzatetsitako pertsonei, tentsio handiko une gogorretan erakutsi duten eskuzabaltasunagatik eta adoreagatik. “Ezagutu eta gaur aitortu ditugun adibideek berretsi egiten digute bizitzak aldatzeko elkartasunak duen boterea. Aintzatetsi ditugun pertsona guztien ekintzek biziak salbatzeko balio izan zuten”, nabarmen du.
Halaber, Arkauten egindako ekitaldiak larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak muturreko egoeretan egindako lana aitortzeko ere balio izan du, bai eta Euskadik halako egoeretan erakutsitako elkartasuna ere, hala nola Valentziako DANAn edo joan den udan Gaztela eta Leonen izan ziren suteetan.
Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak larrialdiei aurre egiteko euskal sistemaren sendotasuna ere nabarmendu du, eta etengabeko hobekuntza-prozesuan dagoen sistema dela azpimarratu du. “Sistema osatzen duten eragile guztien lankidetzari esker funtzionatzen duen sistema da. Urteko 365 egunetan 24 orduz, kalitatezko eta gertuko zerbitzua eskaintzeko, lan egiten duten pertsonen lan onari esker funtzionatzen du. Horixe da larrialdien arretaren balioa. Gertutasuna. Eta gertutasun horrek askotan mugakoak diren egoeretan beren arazoari irtenbidea emateko gurekin harremanetan jartzen diren pertsonekin enpatizatzeko balio digu. Gertutasun horrek gure laguntza behar duten pertsonak lasaitzeko balio digu. Eta gertutasun horrek tratu bikaina ematen laguntzen digu”.
SOS Deiak 112
2025ean, SOS Deiak 112 zerbitzuak 803.169 dei artatu zituen eta 272.730 gertaera kudeatu zituen, iaz baino % 8,97 gehiago. Artatutako deien % 53 Bizkaikoak izan ziren, % 30,51 Gipuzkoakoak eta % 15,79 Arabakoak.
Kudeatutako gertaeren % 50,40 Bizkaikoak izan ziren, % 30,88 Gipuzkoakoak eta % 17,51 Arabakoak. Gainerako % 1,21 Euskaditik kanpo gertatu ziren. Kudeatutako gertaera gehienak honako hauekin lotuta zeuden:
- Larrialdi medikoak (% 20,25)
- Herritarren segurtasuna (% 17,53)
- Eremu publikoan detektatutako arriskuak (% 16,14)
- Pertsonen istripuak (% 12,99)
- Trafiko-istripuak (% 7,79).
Segurtasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “gertaera horiei guztiei erantzuna emateak protokoloak etengabe berrikustea eta hobetzea eskatzen du. Eta horretan ari gara. Etengabe ikasten. Herritarrei ematen diegun zerbitzua hobetu nahiak etengabeko prestakuntza horretara bultzatzen gaitu”. Joan den urtean simulakroekin lotutako 345 komunikazio jaso ziren guztira SOS Deiak 112 zerbitzuan. “Simulakroek laguntzen digute larrialdi-mota desberdinen aurrean, sute baten, uholde batzuen, lurrikara baten, istripu baten… aurrean, prest egoten. Etengabeko hobekuntza-egoeran gaude gure zerbitzu publikoak indartzen jarraitzeko, bai eta herritarrei, pertsonei, askotan muturrekoak izaten diren egoeren aurrean, erantzunik onena ematen jarraitzeko ere”, adierazi du sailburuak.
APP 112
SOS Deiak zerbitzuaren aplikazioak iaz 20.492 deskarga izan zituen, eta guztira, beraz, 127.525 deskarga izan ditu. 112 larrialdietako zerbitzuak 3.641 dei jaso zituen aplikaziotik, eta guztira 1.231 gertakari eragin zituen.
SOS Deiak aplikazioa doakoa da, eta Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (SOS Deiak 112) zuzenean komunikatzeko aukera ematen du, GPS posizioa barne duen 112ra egindako telefono-dei baten bidez.