Síguenos en redes sociales:

Gorroto delituei buruzko urteroko txostena egiteko lankidetza hitzarmena berritu dute Jaurlaritzak eta EHUk

Azterlana "epe ertain eta luzean kriminalitate mota horren ezagutza, prebentzioa eta desagerrarazpena hobetu ahal izateko tresna" izaten jarraitzea da helburua, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Gorroto delituei buruzko urteroko txostena egiteko lankidetza hitzarmena berritu dute Jaurlaritzak eta EHUkEHU

Urtero Euskadiko gorroto delituei buruzko txosten propio eta espezifikoa egin eta Europako errealitatearekin alderatzeko azterketa bat egiteko lankideta hitzarmena berritu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak.

Azterlana "epe ertain eta luzean kriminalitate mota horren ezagutza, prebentzioa eta desagerrarazpena hobetu ahal izateko tresna" izaten jarraitzea da helburua, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Bi erakundeek adostuta eta babestuta egiten da azterlana, eta Ertzaintzak Unesco Katedraren esku jartzen ditu bere datu baseetan erregistratuta dauden eta gorroto delituekin zerikusia duten gorabehera guztiak, bai eginbide judizialen ondoriozkoak, bai administrazio prozeduren ondoriozkoak.

EHUk, bere aldetik, gorroto delituen egituraketaren eta sailkapenaren esparru teoriko eta kontzeptuala, eta gorrototzat jotako jokabideen garrantzi penal eta administratibo desberdina jartzen ditu.

Hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen den egunetik hasita, eta txostena, orain arte bezala, urtero egingo da. Hori garatzeko, Segurtasun Sailak 30.000 euro jarriko ditu urtero.

EHU

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) graduko ikasketen eskaintza zabaltzen eta modernizatzen jarraitzen du, prestakuntza espezializatuaren eta kalitatezkoaren eskaera sozialari erantzuteko helburuarekin, eta 2025-206ko ikasturtean 108 graduko eta 100dik gora graduondoko eskaintza akademikoa jarriko du ikasleen eskura ezagutza esparru guztietan. Eskaintza osoa ezagutzeko EHUazoka unibertsitate orientaziorako azokak egingo dira hurrengo hiru larunbatetan.

EHUk jakinarazi duenez, datorren ikasturterako berrikuntza Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako gradua izango da; Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakatsiko da, eta ikasleek, besteak beste, komunikazioen, telematikaren, automatizazio industrialaren, adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arloko ezagutzak eskuratuko dituzte.

Gainera, graduak Prestakuntza Dualeko aipamena dakar eta, horri esker, ikasleak azken ikasturtean osatu ahal izango du prestakuntza, Teknologia Digitalen eta Zibersegurtasunaren sektoreko enpresa batean egonaldia eginez.

Halaber, beste berritasun bat da Itsasketako graduaren izena eta plana aldatu eta berritu dira eta aurreantzean Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanerako Gradu izango da. Bilboko Ingeniaritza Eskolak eskaintzen du, Portugaleteko egoitzan.