Imanol Pradales Lehendakariak eredu ekonomikoa eta garapenaren euskal eredua ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar direla adierazi du, hori bai, lehiakortasunik galdu gabe, "jokoan baititugu gure enplegua, kohesio soziala, aurrerapen teknologikoa eta ingurumenaren oreka", bai eta "gure autonomia estrategikoa" ere.

Imanol Pradalesekin batera, Enagásek Bilboko Portuan eskainitako Euskadiko Hidrogeno Sare Tronkalaren aurkezpenera Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua bertaratu da.

Bere aurkezpenean, Lehendakariak gogora ekarri du Euskadi urratsak ematen ari dela eraldaketaren abangoardian kokatzeko, eta aditzera eman duenez "Euskadiren apustu estrategikoetako bat da hidrogenoaren balio-katea garatzea".

"Egitasmo hau erabat lerrokatuta dago lehentasun honekin, izan ere, 163 kilometroko hodi-sarea eskaintzen du, Euskadiko industria-polo nagusiak hidrogenoaren ekoizle-guneekin lotzeko. Sare honek gaur egungo azpiegituren sinergiak baliatzen ditu, eta, horretaz gain, etorriko diren beste proiektu batzuekin elkartzea ere aurreikusten da, adibidez, Aiarako Haranarekin edo Bergara-Irun hodiarekin”, nabarmendu du Lehendakariak.

Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez sare hau garatzen aktiboki parte hartzeko asmo irmoa du, Imanol Pradalesek berretsi duenez. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak ere Jaurlaritzaren xede hau azpimarratu du, eta, nabarmendu duenez, “energia-iturri hau garatuta, energia eraldaketaren alorrean Europako liderren artean kokatuko da gure herria”.

Mikel Jauregik, berriz, hidrogeno sare berria Eusko Jaurlaritzaren 2030eko Industria Planarekin eta Europako estrategiekin ezin hobeto ezkontzen dela nabarmendu du. Egitasmo honek abangoardiako energia azpiegitura berriak garatzen laguntzen du, horrela, 2050erako zero emisio garbi izateko helburua betetzeko. Era berean, hornidura berme handiagoa eskaintzen du, eta horrek Euskadiren energia-burujabetasuna hobetzen du.

“Hidrogeno sare tronkal hau urrats bat gehiago da Euskadi industria eta energia deskabornizatzeko. Azpiegitura berri honek erreferente gisa kokatzen gaitu Europan. Deskarbonizazio adimendunean sinesten dugu, trantsizio energetikoaren alde hobetzen jarraitzeko eta lehiakortasunean irabazteko; mix energetiko batekin, elektrifikazioa ekarriko duena, eta baita beste teknologia garbi batzuk ere, esaterako, hidrogeno berdea. Eusko Jaurlaritza eraldaketa honi laguntzeko hainbat egitasmotan parte hartzen ari da, betiere industriarekin eta teknologia-guneekin elkarlanean, gure gaitasunak nabarmenduz”, ziurtatu du Jauregi sailburuak.