Eusko Jaurlaritzak Ingura plataforma digitala jarri du martxan berriro, euskara sarean ikasteko "edozein gailutatik, edozein lekutan eta edozein ordutan". "Hiztun berriak euskarara erakarri nahi ditugu eta eremu digitalean ere sarbidea erraztu nahi diegu", adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpen ekitaldian.
Agerraldia Euskalduna Bilbao Jauregian egin da ostiral honetan, besteak beste, euskaltegietako ordezkari, gizarte eragile eta kultura eta hezkuntza arloko ehun lagun baino gehiagoren aurrean.
Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko duen estrategiaren barruan dago ekimena, euskaltegien lana osatuz eta esparru digitalean ate berriak irekiz. Horrela, Ingura plataformak "ingurune irisgarria, malgua eta erakargarria" eskaintzen du, edozein pertsonak hizkuntza ikasten hasteko edo aurrera egiteko aukera izan dezan.
Gaur egun, 14.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute Ingura. Munduan 44.184 euskara ikasle daude gaur egun, eta Eusko Jaurlaritzak kopuru hori handitzea espero du tresna digitalari esker.
Horrela, Inguraren erabiltzaileek lau hizkuntzatan jaso dezakete informazioa (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa), eta plataformak jarduerak egin eta emaitzak gordetzeko aukera ematen du.
Ingurak 5.000tik gora jarduera eta ariketa ditu ahozko adierazpena, idazketa, gramatika, hiztegia eta eduki kulturalak lantzeko
Maila bakoitzeko ikastaroetako eduki batzuk doakoak dira eta beste batzuk matrikulapekoak: gaur egun Inguran A1 eta A2 mailetako doako edukiak daude, eta ikasten jarraitu edo maila egiaztatu ahal izateko aukera ere ematen du, euskaltegietan barneratuta dagoelako.
Era berean, egoera errealen bideoetan oinarritutako ikastaroak ere barne hartzen ditu plataformak, ikasleak hasieratik hitz egiten jartzen dituen hizkuntza natural eta hurbilarekin, bai eta 140 egoera-bideo eta 140 azalpen bideo ere lau hizkuntzatan azpititulatuta. Gainera, Ingurak 5.000tik gora jarduera eta ariketa ditu ahozko adierazpena, idazketa, gramatika, hiztegia eta eduki kulturalak lantzeko.