Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2025eko ekitaldiko musika jarduera profesionaletarako diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak milioi bat euro bideratuko du orotara.

Helburua da musikagintzaren balio kate osoa indartzea, hau da, sorkuntza, ekoizpena, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana, beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, diru laguntzak bost kategoria ezberdinetan banatuko dira. Horrela, partituren edizio eta banaketa pofesionaleko proiektuak finantzatzea 55.000 eurorekin lagunduko da.

Era berean, Euskal Herrian jaiotako edo bizi diren musikariek sortutako edo interpretatutako musika lanak ekoizteko proiektuak eta euskarazko errepertorioa guztizkoaren %75 baino handiagoa duten musikarien egitasmoak babesteko 550.000 euro izango dira.

Hirugarrenik, 160.000 euro banatuko dira Euskal Herriko musikagintzako eragileen jarduera garatzen eta hedatzen lagunduko duten proiektuak finantzatzeko, eta Zuzen-Zuzenean zirkuiturako 160.000 euro gorde dira, Euskal Herriko musika taldeen programazioa sustatzeko musika areto pribatuetan (haien katxea 400 eta 1.800 euro bitartekoa bada).

Azkenik, ekimen pribatuko musika ziklo espezializatuak antolatzen laguntzeko 75.000 euro izango dira. Gutxienez 12 kontzertu eta lau hilabeteko musika estilo berezietako programazioak lagunduko dira.

Interesa dutenek hilabeteko epea izango dute eskaerak egiteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ondoren, modalitate bakoitzerako sortuko den balorazio batzorde batek aztertuko ditu eskaerak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 97 proiektu babestu zituen 2024an musika jarduera profesionala laguntzeko diru laguntzen deialdiarekin.