Imanol Pradales Lehendakariak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuarekin eta Nerea Melgosa Gazteria, Ongizate eta Erronka Demografikoko sailburuarekin batera, Iraupen Luzeko Zainketen arloko ebidentzian Oinarritutako Politikei buruzko Nazioarteko VII. Konferentzia inauguratu du, Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian.
Bere hitzaldian, Pradalesek eskertu nahi izan du Euskadi aukeratu izana Konferentzia hau egiteko, eta nabarmendu du zainketek garrantzi handia dutela pertsona baten bizitzako etapa guztietan. "Denok behar ditugu antzeko zaintzak", adierazi du, eta gaineratu duenez "horretarako gizarte justu, kohesionatu eta orekatu bat behar dugu, iraganarekin eta etorkizunarekin elkartasuna erakusten duen sistema batean oinarrituta".
"Zainketak pertsona guztien ongizate globalerako aldaketaren erreferente bihurtu behar ditugu", nabarmendu du Lehendakariak, eta, horregatik, "Euskadiko zaintza sozialen eredu propio" batean aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du, "gero eta anitzagoa den eta bizi-itxaropen handiagoa duen gizartea" aintzat hartzen duena.
Kongresuak irailaren 14ra arte iraungo du, eta zainketa-politiken arloko ikertzaile eta aditu nagusiak bilduko ditu.
Bestalde, Lehendakariak Leioako Ostalaritza Eskola bisitatu du gaur, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eta Ibon Andraka ikastetxeko zuzendariak lagunduta. Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek jada hasi dute ikasturtea. Heziketa-zikloetan 49.233 ikasle sartu dira, baina matrikula biziak matrikula berriak egiteko aukera ematen du. 2024-2025 ikasturtea 64.105 plazarekin hasi da Euskadin, aurreko ekitaldian baino 5.780 plaza gehiagorekin. Aipatutako 5.780 plaza horietatik gehienak goi-mailako heziketa-zikloetan sortu dira, eta horien % 70 sare publikoan. Onarpen-prozesu berri horren beste berrikuntzetako bat izan da C Graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko aukera zabaldu dela.