Imanol Pradales Lehendakaria, Osasuneko sailburu Alberto Martínezekin batera, aste honetan Bilbon egin den Euskadiko Osasun Itunaren lehen bileraren buru izan da. Bertan, Euskadiko eragile sozial, politiko eta sanitario nagusiek parte hartu dute, osasun-sistemaren, haren orainaren eta etorkizunaren ikuspegi integral baten inguruan dauden politikak eta programak antolatzeko.
Lehen lan-mahai hori Bizkaia Aretoan egin da, eta bertan honako hauek hartu dute parte: Medikuen, Erizainen, Farmazialarien, Psikologoen, Odontologoen, Gizarte Langileen, Fisioterapeuten, Biologoen eta Albaitarien elkargo ofizialetako ordezkariek; EAJ-PNV, EH Bildu, PP eta Sumar alderdi politikoek; Osakidetzako Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuen —LAB, CCOO, UGT, Medikuen Sindikatua eta SATSE (ELAk bileran parte hartzeari uko egin dio)— ordezkariek; UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak; Confebaskek eta pazienteen elkarteek. Javier Meana Medikuntzan doktoreak eta UPV/EHUko Farmakologian katedradunak idazkaritza teknikoa zuzentzen du eta lantalde zabal hori koordinatzeaz arduratzen da. Lehendakariak haren konpromisoa eskertu du, eta sektorean duen ibilbide luzea eta haren inguruko ezagutza zabala aitortu ditu.
Lehendakariak azaldu duenez, mahai honen helburua galdera bati erantzutea izango da: Nola eralda dezakegu gure osasun-sistema, datozen hamarkadetan ere erantzuten jarrai dezan? "Hau itxaron-zerrendak murriztetik haratago doa... Gure sistema eraldatuko du osasunean hezteko, osasuna sustatzeko, prebentzioa lantzeko eta, jakina, behar izanez gero gure sistemak erantzuteko beharrezko tresnak eskainiko dituela bermatzeko. Egoerak hala eskatzen duenean lehen mailako osasun-arreta bermatzeko ", azpimarratu du. Horretarako, foro honetan elkarrekin lan egitearen alde agertu da, euskal osasun-sistema publikoa hobetzeko. "Profesionalak inplikatu behar ditugu, haiek baitira errealitatea hobekien ezagutzen dutenak, eta, batez ere, entzun egin behar diegu", adierazi du, eta bertaratutako osasuneko profesionalen kolektiboen parte-hartzea baloratu du, baita pazienteen elkarteetako ordezkariena eta politika-, unibertsitate-, ekonomia- eta sindikatu-mundukoena ere.
Halaber, Lehendakariak egunero erabakiak hartzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, Euskal Osasun Sistema Europako erreferentzia bihurtzeko. "Plantilla sendotzen, baliabideak eta hauen efizientzia hobetzen eta beharrezko inbertsioak egiten jarraituko dugu", adierazi du.