"Etxebizitza ondasun sozial gisa eta ez ondare-ondasun moduan ulertzeko kultura-aldaketa landu behar da, espekulazioa ekar baitezake; oso sustraietan dago, eta pedagogia egin liteke". Hala ziurtatu du Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordeak Radio Euskadiko Boulevardeko mikrofonoetan eskainitako elkarrizketan. Bertan, ordezkatzen duen eremuaren errealitatea eta aurre egin beharreko erronkak aztertu ditu.

Horrela, gaur egun gazteek emantzipatzeko dituzten arazoez galdetuta, De los Toyosek baieztatu duenez "Jaurlaritzak egin duen ariketa onena etxebizitza eskuratzeko arazo sozial bat dugula onartzea da" eta, aldi berean, onartu du gazteak direla "baldintza zailenak dituen belaunaldi-eremua". Horretarako, "arazoa konponduko ez duten arren, arazoa arintzeko eta konponbiderako bidea markatzeko" formulak bilatzearen garrantzia azpimarratu du.

Ildo horretan, Etxebizitza sailburuordeak Emantzipa eta Gaztelagun programen onurak azpimarratu nahi izan ditu, "ezinbestekotzat" jo baititu, nahiz eta "arazoari egiturazko irtenbiderik ematen ez" diotela onartu duen. Programa horiek osagarriak direla zehaztu du, eta Miguel de los Toyosek datu batzuk aipatu ditu: "aurtengo otsailetik, Emantziparen laguntza eskatu duten gazteen % 70ek alokatzeko eskatu dute, eta gainerako % 30ek erosteko". Gaztelagun programari dagokionez, "eskabideen kopurua 7.500etik gorakoa da".

Gainera, 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren garrantzia azpimarratu du, "oso tresna garrantzitsua baita merkatu librea mobilizatzeko, non etxebizitzari buruz zeresana duten guztiak biltzen diren". Hala, De los Toyosek adierazi duenez, "Jaurlaritzatik haien proposamenak entzun behar ditugu eta etxebizitza bilatzen ari denari lagundu behar diogu", eta baieztatu duenez, "Euskadi da etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duen autonomia erkidego bakarra, eta, horri esker, merkatu librean sartzeko baliabideak eskaintzen dizkiegu herritarrei".