Eusko Jaurlaritzak dioenez, "funtsezkoa" da nekazaritzako elikagaien sektorea sistema produktiboagoetara, iraunkorragoetara eta egungo klima-krisiaren aurkako eraginekiko erresistenteagoak diren sistemetara aldatzea, elikadura izango baita, bere ustez, "datozen hamarkadetan aurre egin beharreko erronka nagusietako bat".
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, lehendakariak NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen ekarpena nabarmendu du, “ezinbestekoa” izan baita Euskadiren garapen jasangarria bermatzeko. Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iñigo Urkullu Arkautiko zalditegien eraikinean izan da aste honetan, Eusko Jaurlaritzari atxikitako zentro teknologiko horren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Zentro hori lehen sektoreak aurrera egiteko soluzio teknologikoetan espezializatuta dago.
Bertan, lehendakariak aintzatetsi egin du urte hauetan guztietan Neikerrek egindako ibilbidea eta sektorearekin, gizartearekin eta ingurumenarekin izandako konpromisoa, agintariak eta nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileen ordezkaritza zabal bat bertan zirela. “Arlo honetan aitzindari eta eredugarri izan zarete eta izaten jarraitzen duzue” —esan du—.
Bere hitzaldian adierazi duenez, funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien sektorea egungo krisi klimatikoaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko sistema emankorrago, jasangarriago eta erresistenteagoetara aldatzea, elikadura izango baita, bere ustez, datozen hamarkadetan aurre egin beharko diegun erronka nagusietako bat. “Funtsezkoa da sektorea soluzioaren parte izatea. Eta izaten ari da” —adierazi du—.
Ildo horretatik, esan du etorkizun hurbilean nekazaritzako elikagaien sektorean aldaketa sakonak izango direla: “berrikuntza teknologikoaren arloan barrena bidaia bat izango da, nekazaritzako elikagaien sektore eraginkorragoa, jasangarriagoa, seguruagoa eta erresilienteagoa ekarriko diguna”.
“Zuek, lankidetza publiko-pribatuaren formulan oinarrituta, zeresan handia duzue aurre egin behar diogun erronka honi erantzuten jarraitzeko. Planetari zor diogu” —esan du amaitzeko, Neikerri buruz—.
Nekazaritza ‘berde’ eta teknologiko baterantz
Mikroalgen ordezko kultiboak dira Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKERek bultzatutako aurrerapen nagusietako batzuk, nutrienteen etorkizuneko eskariei erantzuteko eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna bermatzeko edo abeltzaintzaren deskarbonizazioan laguntzeko behi-aziendaren metano-emisioak neurtzeko.
Gaur goizeko ekitaldian, beste berrikuntza batzuen artean, zentroak lan-ildo berri bat aurkeztu du. Lan-ildo horrek ardatz du mikroalgen kultiboek deskarbonizaziorako, zirkulartasunerako, ekosistemen babeserako eta jatorri fosileko produktuen ordezkapenerako duten potentzialtasuna.
Gainera, hausnarkarien abeltzaintzaren jasangarritasuna errazteko sartutako azken baliabide teknologikoa erakutsi da. ‘Green Feed’ izeneko ekipamendua da. Ekipamendu horrek aukera ematen du behien metano-emisioak neurtzeko eta, horrela, elikadura, hautaketa genetikoa eta maneiua behien metano-emisioak murrizteko fruituak ematen ari diren egiaztatzeko.