Foru Aldundiak adierazi du pinuaren prozesionariaren (Thaumetopoea pityocampa) izurritea dagoela 2023an Kantauri isurialdean. Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Laudion eta Okondon du presentzia handiena, baina lurralde osoan dago, larba zikloa 2024an amaituko duten populazio berriak baitaude.

Horiek horrela, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak onura publikokotzat jo du izurrite horren aurkako borroka.

Intsinis pinuan, pinu gorrian eta larizio pinuan intsektu lepidoptero horren ondorioei aurre egiteko tratamendu fitosanitarioak egiteko beharra aztertu da, eragindako mendi batzuen erakunde titularrek hala eskatuta, eta baieztatu da beharrezkoa dela tratamendua egitea, bai mendi horietan, bai titulartasun publiko zein pribatuko beste azalera batzuetan.

Esku hartze horren helburua da, alde batetik, zuhaitzen narriadurari aurre egitea eta pinuaren prozesionaria izan dezaketen konifero basoen osasun egoera orekatua ahalbidetzea, eta, bestetik, biztanleei eta ganaduari eragiten dizkien ondorio alergikoak arintzea.

Pinuaren prozesionaria Kantauri isurialdeko baso masen 549 hektarea inguruko azaleran dago. Masa horiek infestazio maila ezberdinak dituzte, eta aurreikusten da beldarrak izango dituztela egungo foku horietatik abiatuta.

Zaila denez izurritea kontrolatzeko neurriak lurretik hartzea, bai bide azpiegiturarik ez dagoelako, bai baso masetara iristeko zailtasun orografikoak daudelako, bai zuhaitz guztietara iristea ezinezkoa delako, aireko bitartekoen bidez egingo da kontrola.

Tratamendua urrian zehar aplikatzea dago aurreikusita.