Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak malgutu egin dituzte NPEren neurriak, uztaileko kazkabar erauntsiaren aurrean. Udaberri bukaeran, ekainaren 11tik 17ra, izandako prezipitazio handien eta kazkabar erauntsien eta uztailaren 6ko ekaitzen eraginak direla eta hartu dute onetsitako salbuespenezko neurri hori. Ekaitz horien eragina handia izan da zerealen, koltzaren, ale lekadunen (ilarrak, babak) eta bazkatarako lekadunen (ilarrak, zalkeak, eruak eta haien nahasketak) laboreetan.
Ildo horretan, euri eta kazkabar erauntsi horien ondorioak "ezinbestezko kasutzat hartzen direnez", lur gaineko azaleko lanak egin ahal izango dira kazkabarrak eragindako eremuetan uzta jaso ondoren, eta irailaren 1a baino lehen egin ahal izango dira, araudiak lan horiek egiteko ezarritako eguna baino lehen.
Lan horien helburua da ernatu diren belar arrotzak kentzea eta ereite faltsuak egitea, lurrean eroritako ale guztiak kentzeko eta, horrela, fitosanitariorik erabili beharrik ez izateko.
Lanak are azkarrak, zizel erdiak edo antzeko lanabesak erabiliz egin ahal izango dira, besteak beste, udalerri hauetan: Gaubea, Erriberagoitia, Gasteiz, Barrundia, Iruraiz-Gauna, Bastida, Bernedo, Kanpezu, Kuartango, Zigoitia, Burgelu, Donemiliaga, Urizaharra, Arraia-Maeztu, Iruña Oka, Arratzua-Ubarrundia, Dulantzi, Agurain, Lagran eta Harana.
Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuaren arabera, "aurten, nekazaritza sektorea klima aldaketaren ondorioen etengabeko inpaktuak jasaten ari da, eta, horregatik, beharrezkoa da neurriak eta salbuespenak babestea, izurriteak zabaltzeko aukera txikiagotzeko eta produktu fitosanitarioen erabilera murrizteko, gertaera meteorologikoen eraginez lurrera eroritako alea ernamuintzeko aukeraren aurrean".
Bestalde, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako sailburuordeak nabarmendu duenez, "egiaztatzen ari gara Bruselan diseinatutako eta ezarritako estrategia batzuek bilatzen denaren aurkako eragina dutela. Kasu honetan, urteko une jakin batzuetan laborantzarik ez egiteko neurriek fitosanitarioen erabilera handiagoa ekarriko dute, eta gai hori denok mugatu nahi dugu. Gainera, nekazaritza ekologikoa belar txarrak kontrolatzeko tresnarik gabe geratzen da. 6 NIBO neurria (nekazaritza eta ingurumen baldintza onak) ez dator bat Arabako egutegi agronomikoarekin, eta aldatzeko eskatuko diogu batzordeari".