Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 4,8 milioi euro inbertituko ditu datozen hilabeteetan, Arabako 82 errepideren bide tarteetako zorua hobetzeko. 2023ko Bide Zoruen Planak esku hartzeak aurreikusten ditu Lehentasunezko Intereseko Sareko eta Oinarrizko Sareko bide nagusietako batzuetan, hala nola A-1, N-240, N-124, A-132 eta A-624 eta A-625 errepideetan, baina ahalegin handiena bigarren mailako bideetan egingo du.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak gaur aurkeztu du 2023ko Bide Zoruen Plana, eta azaldu du haren xedea dela “beste bultzada bat ematea gure errepideen kontserbazio eta mantentze lanei, eta hala, haien segurtasuna hobetzea. Inbertsio hauek behar bezala planifikatzeak aukera emango digu, gainera, diru kutxa publikoei dirua aurrezteko epe ertain eta luzera, galtzada gehiago hondatzea saihestuko baita".
Nogalesek gogorarazi duenez, uste sendo horren ondorioz, "legegintzaldiaren hasieran publikoki hartu genuen konpromisoa bide zoruak berritzeko eta finkatzeko inbertsioa bikoizteko. Helburu hori 2021ean bete genuen, eta orain beste aurrerapauso bat emango dugu: 2023ko Bide Zoruen Planak 4,8 milioi euroko inbertsioa ekarriko du, 2022an baino % 20 gehiago eta 2019an eta aurreko ekitaldietan baino % 220 gehiago".
"Programa honek, gainera, inbertsio publikoaren bidez jarduera eta enplegua bultzatzen lagundu nahi du, eta Arabako gizarte eta lurralde kohesioan lagundu", gaineratu du.
2023ko Bide Zoruen Planak Arabako eskualde guztietatik banaturik dauden 82 errepidetan esku hartzea aurreikusten du, denboraren, elurraren eta izotzaren ondorioz zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten bide tarteak eta gune zehatzak konpontzeko. Hona hemen nola konponduko diren: bide zati osoak fresatu eta beroan aglomeratutako asfaltozko errodadura geruza birjarri kasu batzuetan, eta gune jakin batzuetan beste batzuetan, eta hartxintxarrezko ureztatzeen tratamenduak aplikatu.
Esku hartu beharreko errepideen zerrendan, Lehentasunezko Intereseko Sarearen eta Oinarrizko Sarearen bide nagusietako batzuk daude, baina jarduketa gehienak eskualdeko, tokiko eta auzoko sareetan egingo dira. "Oso garrantzitsua da Arabako eskualdeak elkarren artean komunikatzen dituzten eta herri guneetara bide ematen dituzten errepideak mantentzea, lurraldea egituratzeko eta landa ingurunean bizi direnei kalitatezko zerbitzu publikoak emateko”.