Iñigo Urkullu lehendakariak "EAJ eredua" defendatu du gaur, eta honela definitu du: "kudeaketaren zorroztasuna, lankidetza publiko-pribatua, kaudimena, adostasuna eta erakundeen arteko lankidetza". Eredu hori defendatu du eta, era berean, EH Bilduren eredua kritikatu du: "beti protesta egiten dutenak, eta gurpiletan makilak jartzen dutenak" direla kalifikatuz.

Iñigo Urkullu lehendakariak Agurainen egindako ekitaldi batean esan ditu adierazpenak. Berarekin batera, Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea ere egon da. Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusigaia, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea eta Ernesto Sainz eta Irma Basterra hautagaiak ere ekitaldian izan dira.

Ildo beretik, azpimarratu behar da lehendakariak azken urteetan EAJk erakundeen buru gisa egindako lana nabarmendu duela. "Seriotasunetik, errealismotik, zorroztasunetik eta gure erakundeekiko eta gizartearekiko konfiantzarik handienetik kudeatzen dugu. Baliabideak ditugu. Nazioarteko agentziek berresten digute Autonomia Erkidego kaudimendunena dela, Estatua baino askoz gorago", esan du.

Halaber, kudeaketan lortu dituzten "adostasunak" azpimarratu ditu, "herritarrengan eragina izateko". "EAJ bakarrik da gai protagonista guztiak mahai berean esertzeko, entzuteko eta herritarren onerako izango diren adostasunetara iristeko. Erraza da esatea, baina ez egitea. Sekretu bakarra dago: lana, lana eta lan gehiago. Beti errespetuz eta gehiago eta hobeto egiteko helburuarekin", gaineratu du lehendakariak.