Konpromiso kolektiboa bultzatzen jarraitzea, hazten jarraitu ahal izateko eta, hartara, enplegu-aukerak sortzeko. Eusko Jaurlaritzak estrategia horren aldeko apustua egin du, euskal herritar guztien ekonomia eta enplegu-aukera sustatzen jarraitzeko. Halaxe adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioan.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Iñigo Urkullu lehendakariak “taldelana eta elkarlana” defendatu ditu, hazten eta enplegu-aukerak sortzen jarraitzeko.Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak egin zuen Batzar Nagusiaren hasieran, Iñigo Urkulluk euskal eredu kooperatiboan aurrera egiten jarraitzearen alde egin zuen, “segurtasun, egonkortasun eta bermearen erreferente” bihurtu den eredua aipatuz.
“Euskadik ezin dio bere etorkizunari indibidualismoen batuketa hutsaren bidez aurre egin. Gure konpromisoa kolektiboa da, kooperatiboa. Gure lan egiteko modua, bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta ongizatea ematen diguna konpromiso komunitarioan eta partekatuan oinarritzen da”, azpimarratu zuen Urkulluk bere hitzaldiaren hasieran.
Bestalde, bere hitzaldiaren beste une batean, Urkullu lehendakariak kooperatibek ziurgabetasuneko eta zailtasuneko azken urte hauetan hartutako konpromisoa eta egindako ahalegina eskertu eta aitortu nahi izan du, eta ziur agertu da Euskadi indarrak batuz gero guztion helburuak lortzetik gertuago egongo dela.
“Ur gainean mantentzea lortu dugu, tirakadari eutsi diogu eta, orain, hazten ari garela baiezta dezakegu”, ondorioztatu zuen.