Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin zuten atzo Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, berak garapenerako lankidetzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia aurkeztu du.

Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuenez, partida 34 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino bi milioi gehiago, eta tokiko erakundeekin batera lan egiten duten euskal GKEen proiektuak diruz laguntzeko balioko du, desberdintasunei aurre egiteko eta herrialde pobretuetako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko, bai eta euskal gizartea urrun ditugun beste errealitate batzuetara hurbiltzeko ere.

Ildo horretan, Melgosak zehaztu du eLankidetzak funtsen % 20 gordeko duela Saharaz hegoaldeko afrikan gauzatutako proiektuetarako, eta funtsen % 10 emakumeak ahalduntzeko proiektuetarako izango dela. “Euskal lankidetza gizarte solidario eta sarean lan egiten duen baten isla da, Euskadiko zein beste lurralde batzuetako erakundeekin, GKEekin, unibertsitateekin, udalekin edo gizarte-mugimenduekin batera. Hori da Euskadik egiten duen lan solidarioaren ezaugarrietako bat, sailburuak adierazi zuenez.

Nerea Melgosa sailburuak, amaitzeko, nabarmendu du euskal lankidetzak eraldaketa- eta elkartasun-erronkei ekarpenak egiten jarraitu behar duela, esperientziatik eta hurbiltasunetik abiatuta.

Bai bozeramaileak, bai Berdintasuneko sailburuak, beren entrenatzaileak adingabe bati ustez egindako sexu-eraso bati buruz hitz egin dute, gerta daitekeen edozein erasoren aurrean gaitzespenik sakonena azalduz eta ezaugarri horietako edozein kasu salatzearen garrantzia azpimarratuz, bai justizia-zerbitzuaren aurrean, bai Ertzaintzaren aurrean, behar bezala ikertu eta argitu ahal izateko. Bingen Zupiriak, kirol arloko arduraduna den aldetik, aukera hau aprobetxatu du Zure Taldekoak Gara izeneko programa bat dagoela gogorarazteko, kirol arloan edozein sexu-eraso edo sexu-abusuren biktima izan daitezkeen pertsonei zuzendua, pertsona horiei aholkularitza eskaintzeko.