Euskadiko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, elkarrizketa sozialari ematen zaion babesa berariaz berretsi ondoren, bizikidetzarako eta aberastasuna modu orekatuan banatzeko funtsezko pieza gisa, asteazken honetan talde berri bat sortzea erabaki du, erronka demografikoak enpleguan duen eragina aztertzeko, gazteen enpleguari buruzko itun baten oinarriak finkatzeko, 45 edo 50 urtetik gorakoak kontratatzeko programa berri bat bultzatzeko, eta zainketen aldeko itun sozial baten oinarriak onartzeko.

Mahaiaren osoko bilkura Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak zuzendu du, eta harekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira. Gobernuko kideekin batera, lantaldeak zuzentzen dituzten sailburuordetzetako arduradunak egon dira.

Confebaskeko ordezkaritzaren buru Isabel Busto presidentea izan da. Loli Garcia Comisiones Obreras-Euskadiko idazkari nagusia izan da sindikatu horren ordezkaritzaren buru, eta Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusia erakunde sindikal horrena.

Dokumentuak hiru ildo nagusi eta garatu beharreko itun berri bat jasotzen ditu. Lehenik eta behin, jarraitzen dutenak, hala nola prestakuntza-eredu propio baten oinarriak garatzea eta 4.0 industriara bidezko trantsizioa bermatzeko ekintzak. Era berean, berdintasunaren arloko konpromisoak, batez ere berdintasun-planen negoziazio-batzordeei laguntzeko tresnak eta egiturak garatzeko proiektu pilotua, eta Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea proposatzeko lanak burutzea.

Bigarrenik, ezabatutako ekintzak, ezarritako helburuak lortu direlako, hala nola Enpleguaren Euskal Legeari buruzko aurretiazko lanak, Legebiltzarrera iritsi dena, eta subsumitutako ekintzak, lan-osasunaren arloko prebentzio-jarduera sustatzearekin gertatzen den bezala, orain Enpresa txiki eta ertainetara zuzendutako Prebentzio Kulturaren Euskal Behatokiaren berezko helburu gisa hartuta.

Hirugarrenik, erronka demografikoarekin eta adinaren kudeaketarekin lotutakoa erreferente partekatutzat duten ekintza berriak, bai eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak erantzuna ematen dien Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakiak betetzearekin lotutakoak ere.