José Antonio Rodríguez Ranzek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, Guatemalan egindako nazioarteko topaketa batean parte hartu du, martxoaren 27tik 31ra. Topaketak balio izan du esperientziak partekatzeko desagertutako pertsonak bilatzeko auzitegi-zientzietan, memorian eta berriz ez errepikatzeko hezkuntza ekimenetan. Sailburuordearekin batera, Euskaditik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxebarriak eta Lourdes Errastik parte hartu dute.

Topaketa Guatemalako Auzitegiko Antropologia Fundazioak (FAFG-k) antolatu du, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren eta Kataluniako Garapenerako Lankidetzaren Agentziaren (ACCD-ren) laguntzarekin.

Bereziki gatazka edo diktadurengatik desagertutako pertsonak bilatzeko auzitegi-zientziaren ardatzean, ezagutu da FAFG-k egiten duen lana. Latinoamerikan erreferentea den erakunde hori 1997tik ari da lanean Guatemalako gatazka armatuaren biktimak aurkitu eta identifikatzeko. Amerika Erdiko herrialdeko esperientziarekin batera, Kolonbia, Mexiko, El Salvador, Katalunia eta Euskadiko erakunde eta entitateak ere aritu dira. 

Euskadiren kasuan, Paco Etxebarriak eta Lourdes Herrastik Aranzadiren esperientzia aurkeztu dute; Espainiako gerra zibilean eta diktadura frankistan desagertutako pertsonen eta identifikatu gabeko kasuen bilaketa, hain zuzen.

Memoriaren eta berriz ez errepikatzeko hezkuntza ekimenen atalean, José Antonio Rodriguez Ranzek Euskadik orain dela gutxiko memoriaren arloan duen esperientzia partekatu du. Biktimen legezko aitortzatik haratago aurrera egitearen garrantzia nabarmendu du, “biktima guztien aitorpen instituzional, sozial, sinboliko eta moralaren alde eginez”. Gainera, bakerako eta bizikidetzaren aldeko udal-foroen esperientzia partekatu du topaketarako espazio gisa, eta elkarbizitzarako gizarte-memoria eraikitzeko Euskadin gauzatutako hezkuntza eta erakusketa ekimenak azaldu ditu.