ondartzara joateko prest nengoen, edo hori uste nuen. Motxilan, beharrezkoa zena: bainujantzi berria, maskara (jatetxe batean bazkaltzeko asmoa neukan), eguzki-krema, bizpahiru fruta ale, toalla, txanoa, betaurrekoak, ur ugari,... Itsasoa ikusi gabe urtebete pasa ondoren, hain pozik nengoen. Gauza bat falta zitzaidala konturatu nintzen arte: hanketako ileak kendu gabe neukan. Zer egin? Ordubete baizik ez neukan geltokira joan eta autobusa hartu aurretik. Depilatzeko makina bilatzen hasi nintzen etxeko bazter guztietan, baina ez zen agertzen. Ez neukan depilatzeko denborarik. Eta ezinezkoa zela konturatu nintzenean, erabakia zirt edo zart hartu behar izan nuen: hondartzara joango nintzateke ileak eta guzti. Aurrera, beldurrik eta lotsik gabe. Esaldi hori bidaia osoan neure buruari behin eta berriz errepikatzen nion, bi ordu pasa ondoren momenturik larriena heldu zen arte. Hondartzan nengoen, jendez beteta, eta arropa kentzen hasi nintzen. Eta zer gertatu zen? Ezer ez. Benetan. Egun horretatik, askotan ausartu naiz kalera gonaz eta depilatu gabe ateratzen. Are gehiago, astean behin igerilekura joaten naiz ileak eta guzti. Emakume guztiok gorputzean ilea dugula aldarrikatzeko ordua da, naturaltasuna aldarrikatzeko.