Boteprontoan

Gorputzak

08.10.2020 | 23:43
Gorputzak

danimarkako telebistan gorputz biluziak erakusten dituen haur eta gazteentzako programa bat sortu dute. Haurrentzako ordutegian ematen dute. Boluntario batzuk 9-14 urte bitarteko gaztetxoen aurrean biluztu egiten dira eta haien gorputzei buruz egiten dizkieten galderak erantzuten dituzte. Helburua gorputz biluziak normalizatzea da, gorputzen dibertsitatea erakustea eta gazteak kanonak ezartzen digun gorputz ereduaren tiraniatik aldentzea, besteak beste. Ikusten dituzten gorputzek ez dute zerikusirik egunero iragarkietan, pelikuletan, komunikabideetan ikusten dituzten gorputz "perfektuekin". Gorputz lodiak, argalak gazteak, zaharrak€ ikusten dituzte saio honetan. Minbiziaren ondorioz bular bat galdu duen emakumearen gorputz biluzia, adibidez, edo pertsona transexual batena baita ere, besteak beste. Saioaren bigarren denboraldia da hau. Lehen denboraldiaren ondoren, telebistako saria jaso zuen eta fenomeno bat bihurtu da Danimarkan. Polemika ere sortu du, espero zitekeen bezala. Ultra eskuindar alderdiak umeak galbidean jartzen dituela salatu du.

Ezin dut imajinatu zein izango litzatekeen erreakzioa gure herrian honelako saio bat programatuko balitz. Ziurrenez hainbat sektoretatik kritikak jasoko lituzke, eta kentzeko eskatuko lukete. Imajinatzen ditut, adibidez, guraso elkarte batzuk saioa salatuz, euren umeei halakorik ez erakusteko eskatuz. Eta honek pentsarazten dit ze kontraesan handia suposatzen duen umeei gorputz biluzien naturaltasuna ikusten galaraztea bizi garenean gizarte batean zeinean umeek egunero ikusten duten nola saltzen diren emakumeen gorputz zatiak merkantzia legez publizitatean, edo gero eta gazteago hasten diren emakumeekin indarkeria erabiltzen duen pornografia ikusten, adibidez. Ez dakit Danimarkako programa egokia den ala ez, baina ez daukat zalantzarik gure gizarteak egiten duen gorputz biluzien (eta bereziki emakumeen gorputz biluzien) erabilera baino askoz egokiagoa dela. Txikitatik gorputzak benetan nolakoak diren ezagutzea bakoitzaren gorputza maitatzen ikasteko lagungarria izan daiteke, zalantzarik gabe.