Síguenos en redes sociales:

Tribuna abierta

Gandiaga eta Arantzazu

Arantzazu eta Gandiaga, Gandiaga eta Arantzazu bat datoz eta bat doaz. Mendatan jaiotako poeta, Arantzazura gazterik joan zen eta han bertan eman zuen azken arnasa, orain mende laurden, gaur lako egun baten.

Gune espituala ezezik gure kulturala dugu Arantzazu eta bere izate hortan biekin bat egiten zuen Bitorianok. Zentzu espirituala ardatzat hartuta, badirudi beste mundu batean bizi nahi dutenentzat, edo mundutik erretiratutako eta eguneroko zereginetatik urrundutako bizitza bat bizitzera deituak daudenentzat bakarrik dela gune eder eta esanguratsu hura, baina Gandiagaren barneko kezkak, herrian eta herritarrek duten kezkak adierazten dute.

Bitoriano Gandiagaren sorkuntzak eta egintzak zera esaten digu: haren bizitza, eguneroko bizitzaren gorabeheren artean, munduan txertatuta zegoela, bai santutegiaren barruan bai kanpoan, elkarbizitza anitz horrek dakarren guztiarekin.

Bere hitzek argiro adierazten dute “Munduko martxa segitzen duenak, milla kezkatarako bide bertan badu, ze hemen alferrik ez dogu inork bizi gura, bizi nahi dugu integratuta munduaren martxan eta munduko goreabeherekin eta abar, eta enteratzen gara honesaz eta hartaz eta haruntzagokoz, baina gero ezin ditugu barruan egosi, eta ez zaizkigu kabitu ere egiten, eta arkitzen dugu ezina eta nahia, eta ezina eta nahia eta ezin horren bitartean geratzen gara zizko eginda”.

Zeu ere, Bitoriano, zeunden lekutik konturatu zinen, arazoak ez direla desagertzen mundutik isolatuz gero ere, hala balitz, denek egingo lukete bidaia eta egotaldi hori; arazoak gure baitatik sortzen dira eta, noski, besteekiko ditugun harremanetatik. Arazoak, egoerak, askotan buruan sortzen dira eta gero bihotzean eragiten dute, bizitza eten eta barne eta kanpoko nahasmena sortuz.

Eta kezkak eta ardurak arindu nahian edo lasaidura hartu nahian, psikiatrarengana joan omen zen gure poeta. Ea erremedioren bat ote zuen bere ezinegonak. Eta hemen jasotako errezeta. Informe clínico: “Se considera que la sintomatología que presenta tiene un gran componente psíquico. El paciente muestra una personalidad excesivamente autocrítica y exigente consigo mismo, recomendándose se ponga en contacto especialista en psiquiatria”.

Bere buruaz hain exijente eta gauzak ondo egin guraz, “gura nukeen askotara ezin ailegatuz”, denbora galtzen ikasi behar zuela esan omen zion psikiatrak. Baina, hezkuntzaz kanpo, jaio egiten garelakoan, hala.. “ni neu neu ez nauzu izan inongo patxada egokiren maisu”

Nahigabetasun kronikoa zuen Bitorianok, artega eta ernegu beti ere, hori zen bere joera, eta bere barneko ardurak gureak ere baziren: “Zergatik naiz hain kontentagaitz, hain gehiago gurako, hain aseezin? Antonio Machadok zituen gaixoez gain, badut nik besterik, hark ez zuen hizkuntza zurtz eta erasotu maitearen nekerik” zioen.

Bai, badakigu Bitoriano, erabiltzen ez bada hil egiten dela euskara, eta Euskadin erdaldun eta euskaldun garela bizi, eta nabarmen ageri denez, erdara dela nagusi”. Begi-bistan da zure munduan egoteko eta inguruarekin bizitzeko ardurarik premiazkoena zela berau. Eta horrexek ematen zizula hainbat buruhauste. Baina, badakizu, sentitzen ez duenari, ezin zaiola buruan sartu. Halaere gure hutsegiteen gorabeheerekin ere, tirris-tarras, bagoaz aurrera.

“Hementxe bakar solaska. Zergatik? Ba, neure buruarekin hitz egitea ere atsegin zaidalako. ”Ere” psikologoengatik jarri dut. Batzuetan, gehienetan ez esatearren, kezkatu egiten nau astiuneak honela pasatzeak. Psikologoez oroitzen naiz berriro.

Eta sarrian sarri, Artasora jotzen zuen Bitorianok: “oxigenatu behar izaten nuenean neure burua beste aire batzuekin, berneuganatu behar nuenetan. Artason dolmena dago, harrietan denbora zaharra itsatsita”. “Zeuregan aurkitu dot neure antziñakoen antziñako miña:neure antziñakoen lor eta eraman zaar irripar egiña”

Ezaguna dugu Juan Mari Lekuonak esana: “Euskal poetak izan daitezke onak, oso onak, edo Gandiaga”. Bitorianok, berezko jeinua zuela zioen.”Bitorianorentzat poesia idaztea, memoriari adi egotea da… eta Arantzazuko munduan aurkituko du: Elorrian, Arkaitzetan, ardien ile-malutan, ur sinfonia anitzetan… ”

Eta ez zen Arantzazun bakarrik gelditu, Arantzazutik gora, Aizkorri zuen gertu, baina Gorbeiako haizeak eta hango udazkeneko arratsaldeko hotzak ere, lagundu zion nonbait. Eta naturaz gain, mendi magaletara jeitsiz eta bertara begiratuz, herritar xumeen mingostasunak kontatzeko gai izan da Bitoriano. Euskal Herriaren mikaztasunak arima errezen diola zioen. “Zer idatzia barruan aurkitzen nuen eta kanpoan usnatzen”.

Eta Arantzazuko giro bakarti hartatik at, Madrileko hiri handira egin zuen salto, “Uda batez Madrilen” izeneko olerkiak taxutu zituen bertan. “Besteak beste, interesgarri gertatu zitzaidan gauzei begiratzeko era bitxi bat ikasi nuen Kixotean”. Zer eman liezaioke Kixoteak euskal idazle bati? Kixotea parabola luze eta eder bat da niretzat”

Hitz hauek gogora ekartzen dizkit, bera hil aurreko hilabetean, azken bisita egin nioneko agurrean esan zidana: “Gauzarik esanguratsuenak paraboletan idatziak daude, baina iterpretatzen jakin behar ditugu”.

Guzti honengatik, arrazoibidez, Bitoriano Gandiagaren poesia euskal literatura bikainenen artean dago kokatua, baina baita misteriotsuenen artean ere. Misterio bikain bat, beraz, adierazteko eta ulertzeko hain zaila suertatzen da mundu arin honetan. Bitorianorengan, benetako giza eta espiritual garapena lortuko da, eta horiek ez dira bateraezinak; aitzitik, elkar argitzen eta behartzen dute.

Hitzen gozamenean zebilen beti ere Bitoriano, asmanen berrietan eta “poesiaren doako, dohainezko edertasun argitan”, eta garai baten, hainbatetan hurbildu nintzan bertara eta gertutik ezagutzeko aukera ere izan nuen, bere olerkiak dastatuz eta kantu bihurtuz, eta pare bat musikalen sorkuntzak isiltasun hartan jaioak dira.

Isiltasunak hitzen bildurra zuela zioen. Ezaguna da baita “Elorri” idatziz geroztik, indarge edo makal sentituz, idazteari utzi egin ziola eta Oteizak bultzatu zuela isiltasun hartatik berriro idatz zezan. Eta hitzetan jarri zituen bere nahiak eta ezinak eta gureak. “Iraun nahiaren pena larriak darama nire bizitza. Ezinarekin oztopatzen da gure herriaren ekintza. Baina nahiaren bultzada dugu indar eta esperantza”.

Hala ere, zeure hitzak ziran Bitoriano:“Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote, bizirik ote den ikusteko ere, baina nekez ikusi dute” Gurarien gureak itotzen zuen Bitoriano beti kontentagaitz eta ipurterre, eta hala ere garaian garaiko gertakizunari aurre eginez, bizitzaren ekimenetan esperantzari heldu behar, Arratian diogun eran: “Ekin, ekiñe baragarrie da-ta. Halaxe egin zuen.