gandean Aberri Eguna ospatuko dugu Lizardiren bihotz-begietan murgilduta. Iaz, eta orain dela bi urte era berdinean, Aberri Eguna aipatzean erabat deseroso idatzi nuen Covid madarikatua dela eta. Eta ez da harritzekoa, zeren bi urte daramatzagu birus honek baldintzatzen dizkigularik geure bizitzako esparru gehienak. Orain dela bi urte atsekabez bizi genituen garai hauek, iazkoan “indartuz” hitza erabili nuen itxaropenaz. Aurtengoan antzematen dugu etorkizunean, epe motz, erdi eta luzera ohitu egin beharko garela birus honen presentziarekin geure bizitza aurrera eramaten, zainduz beti ere. Prebentzioa eta txertoak ditugu heldu leku, itxaropena eta etorkizunari begira argi izpia. Eutsiko goiari, eta beheari behar izan ezkero ere. Baina, “sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik” aurrera jarraitzeko beharra dugu, horretan jarriko ditugu gure itxaropen guztiak. Ziur nago lortuko dugula egoera zital hau gainditzea. Eta horrela aurten ere, urteoro bezalaxe, 90. ABERRI EGUNA ospatzeko konpromisoa dugu abertzaleok, eta bereziki jeltzaleok, eta horrela gu geu EAJko alderdikide, Bilboko Plaza berrian izango gara, berriro, lelo honen aldarrikapen, itzal eta babesean ABERRI EGUNA 90 URTE. Garrantzitsua da aurten kalera berriro irtetea eta lau haizetara aldarrikatzea Herri bat garela eta Herri gisa onartuak izatea nahi dugula, eta halaber garbi adierazi Herrien borondatea errespetatzea izan behar dugula beti geure goiburu, Itsaso Atutxaren hitz egoki, sendo eta zorrotzetan orain dela gutxi esanak hain zuzen.
Jakina da, Herri txikia osatzen dugula, euskaldunok gutxi garela eta hiru eremu administratiboetan zatituak gaudela, horrelaxe erabaki zuen Historiak bere abagune desberdinetan, baina halaz ere hemen gaude irmo eta zutik Herri bezala. Gara eta gaude, eta erabakia dugu asmoz eta jakitez, ekinaz eta zuhurtziaz izaten jarraitzeko. Ez diogu beldurrik etorkizunari, ez gara lehenengo euskaldunak egoera zailei aurre egiteko paradan gaudenok. Aurreko belaunaldiak, guda zibilaren garaian, diktadura lazgarrian murgilduta ia ia itota jakin eta lortu zuten aurrera ekitea. Gure aurrekoek garai guztiz okerragoetan eutsi zioten itxaropenari, sinesten zuten demokrazian, askatasunean eta burujabetzan, ziur zeuden ikusiko zutela berriro gure ikurrina mendi eta zelaietan, balkoi eta instituzioetan zabalik ikustea. EAJren eskutik erakundetu dugu gure Herria alor eta esparru askotan, gehienetan esango nuke, Hezkuntza, Kultura erakundeak (eman diezaiegun eskura gure ondorengo belaunaldiei gure aurrekoek eskueran utzi ziguten altxor preziatuena, zein baita euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa, euskararen ezagutza eta erabilpena) baita ere era berean, Garraio eta Herri Lan, Ogasuna eta Osasuna, Ertzaintza eta EITB bera eta abar oso luze geure esku ditugularik oraindik osatu gabe dirauen Gernikako Autonomi Estatutuari esker. Euskal gizarte honen bizkarrezurra eta zutabea izan gara urte luzetan, eta gara. Gero eta gehiago. Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak osatu ditugu Herri honen zerbitzura izan daitezen beti. Izan zirelako gara bai, eta garelako eta nahi dugulako izango dira baita ere, jaioko dira berriak, eta abestiak esaten duen bezala, gu baikara Euskal Herria. Ihia bezalakoak baikara, ekaitza baretzean berriro zutitzen dena hain zuzen. Harrotasunez ez harrokeriaz.
Sabino Aranak orain dela mende luze bat baino gehiago zela aldarrikatu zuen abertzaleontzat gida, goiburu eta helburu den “Euskadi da euskaldunon Aberria”, eta garbi dugu abertzale eta jeltzaleok Euskadi hitza entzutean “Zazpiak Bat” dugula bihotzean irrika eta jarduna. Garbi dugu “Zazpiak bat” dela geure etxea, zazpi lurraldeak, Ipar eta hego aldean dauden lurraldeetan. Begirunez errespetatzen ditugu identitate sentimendu guztiak, zilegi baitira guztiak, aniztasuna bazter ezineko altxor guztiz aberatsa baita. Ez baitago inposaketa onartzeko aitzakiarik, ez han, ezta hemen ere.
Egokia izaten da batzuetan atzera begiratzea, aurrera jarraitzeko eta erronka berriei aurre egiteko komenigarria zaigu jakitean nondik gatozen, ez gaitezen bide antzuetatik galdu. Asko lortu dugu gure burujabetzan, baditugu, izan ere, oraindik lortu beharrekoak etorkizunean. Baina bagoaz poliki poliki, pazientzi historikoa eta jarrera nekaezina eta koherentzia irmoa izan dira, eta dira gure tresna paregabeak, akordioa, paktua, elkarrizketa, bialdekotasuna. Demokraziaren eta askatasunaren alde aritu gara beti, une gogorrenetan ere. Klandestinitatea ezagutu dugu, erresistentzia, kartzela eta zigorra, geure gudariak mendietan burrukan hil ziren eta hormetan fusilatu zizkiguten, baina hemen gaude. Gara eta gaude. Munduan eta Europan. Ezin kale egin.
Euskadi da bai euskaldunon Aberria, eta lelo eta helburu hori gero eta gehiago ari da zabaltzen zorionerako baita ere gure anai eta arreba maite eta guztiz estimatuen artean, bai Iparraldean eta baita Nafarroan bertan ere. Abertzale eta jeltzaleon presentzia nabarmena dugu gero eta indartsuago “Zazpiak Bat” osoan zehar. Bide onetik goaz. Geure aurrekoek poz, alaitasun, irribarre eta harrotasunez begiratuko liokete gaurko gure egoerari. Geure arbasoak, bai, dena eman zutena gure Herriaren eta askatasunaren alde, Lauaxetaren hitzak bihotzean. Bihotzean, erraietako sentimenduen magal goxoan, baita ere lehen hain maitatua eta miresgarria zaigun Euskadiko lehen Lehendakaria izan zen José Antonio Agirre eta bere inguruan osatu zen euskal belaunaldi mitiko, konprometitu, demokrata eta abertzale guztiz errepika ezin eta paregabea. Agur eta ohore guztiei. Bejondeizuela.
Mundua eta geure gizartea ere abiadura handiaz, ziztu bizian, etengabe eta halabeharrez aldatuz doaz, zailtasun eta egoera berri guztien dagozkien erronka berriei aurre egingo diegu, egokitu gara, moldatuko gara, ikasiko dugu ur berritan, azal eta sakonetan, igeri egiten, mendi berrietara igotzen ikasiko dugu. Identitate eta kultur aniztasunean trebe arituko gara.
Ziur nago EAJ-PNVk, Sabino Aranak orain dela 126 urte sortutako gure Alderdi zahar-gazte-berrituak asmatu egingo duela, jarraitu egingo duela asmatzen, beste garai askotan egin duen bezala, ziur naiz EAJk, beste unetan bezala, saiatuko dela eta horrela lortuko duela konektatzen gizartearekin, belaunaldi berriekin, gurekin bizitzera erabaki eta hurbil edo urrunetik datozenekin, eta erritmo ezberdinei erantzuteko bere neurria egokiaren jabe izango dela. Ziur nago asmatuko dugula mundu ireki eta zabalean abertzale izaten. Globalizazioak gure bizitzaren bilakaerari sekulako aldaketa ezarri dio ezin bestez eta hori arretaz begiratu behar dio, eta begiratuko dio, EAJk. Entzumena zorroztu beharko du eta errealitate berriei aurrez aurre begiratu. Entzuteko garaiak dira, globalizazioak dakarzkigun berriei aurre egin beharko dio gure Alderdiak. Eta horrela mota guztietako krisiei zuzen erantzungo diegu abertzale esparrutik, zeren abertzaletasun bera berritu eta eguneratuko dugu.
Ez gaitu izutzen erronkak, gure hoberenak emateko prest baikaude. Ziur. Bai. Zalantzarik ez. Ziur nago EAJ-PNVk bere jardunean, politikaren zentzurik onenean, sozial beharretan, inklusibitatean, berdintasunean, ekitatean, justizian eta hezkuntzan, euskaran, eta kulturaren inguruko eginkizunetan, osasun eta ongizatean bizkor eta trebe arituko dela, garela. Entzunez eraikitzen jarraituko dugu. Entzunez eraikiz. Ez gara orain jaioak eta. Euskadi dugu helburu eta konpromisoa. Ez gara perfektuak baina saiatzen gara beti hobetze lanetan. Horrela jarrai dezagula, horra hortxe Apirileko 17 honetako Aberri Eguna honetan konpromisoa eta hitza hartuz. Gara. Katea ez da eten, ez da etengo ere. Jaioko dira kimu berriak eta.
Mundu guzian zehar zabalduta dauden euskaldun guztiak kontuan hartuz, eta bereziki “Euskadi dela beraien Aberria” sinesten dutenak, gure arbaso eta aurreko abertzale zintzo eta leial guziak gogoratuz, gudaria ahaztezinak betiko eredu direnak bihotzean, euskaldun belaunaldi berriak begitan, EAJko alderdikide, burukide eta Lehendakari abertzale guztiak, José Antonio Agirretik hasita, Andoni Ortuzar EBBko gaurko gure Presidentea eta Iñigo Urkullu oraingo gure Lehendakaria begi-ninietan, gogoan, eta esker onaren kopa altxatuz barne erraietatik datorkidan oihu bortitz eta sentituena lau haizetara botatzen dut, entzun eta ulertu nahi duenak halaxe egingo duenaren itxaropenaz, eta Irujok eta bestek hainbestek hain ondo ezagutzen zuen Europari, etorkizunari beraz, so eginaz: Gora Euskadi askatuta !!