rte dezente igaro ostean, azkenean Espainiako Diputatuen Kongresuan gutxieneko gisa adostu dituzte Toledoko Itunera bildu beharreko gomendio edo proposamenak.
Margolari batek mihisean eman ohi dituen lehenengo pintzeladak balira bezala irakurri edo entzun ditugu proposamenok komunikabideetan. Egia esan, margolana ikusteko dugu oraindik. Hala ere, pintzelada bakoitzaren atzean badago mezu bat. Bada, mezurik garrantzitsuenen inguruan jardungo dugu jarraian.
Sarrera moduan, gogorarazten zaigu Gizarte Segurantzako Sistema publikoari eutsiko zaiola, berau hobetu eta egokituz, batik bat, pentsio-sistemari dagokionez. Inolako berrikuntzarik ez hasteko. Izan ere, Konstituzioak bermatzen du hori 41 eta 50. artikuluetan.
Ildo beretik doa ondorengo gogoeta ere, alegia, kotizazioak izan behar dutela Gizarte Segurantzako Sistema finantzatzeko oinarria, kalterik egin gabe estatuak egin beharreko ekarpenei kontribuziorik gabeko prestazioak finantzatzeko. Jakina, Konstituzioak hala aginduta, 1966ko Gizarte Segurantzaren Legeak ezarritako ereduari nahitaez eutsi behar zaio, hots, kontribuzio-bidezkoari. Halaber, Konstituzioak dioenez herritar guztientzako izan behar dela Gizarte Segurantzako araubide publikoa, 1990etik kontribuziorik gabeko prestazioak ere aitortzen dira.
Nolanahi ere, kontribuzio-bidezko babesa indartsua izan dadin hurrengo aurrebaldintza bete behar da: Sistemari begira ordaintzen diren kotizazioak behar bestekoak izatea Sistema horrek babestutako gertakizun guztiei aurre egiteko. Hurrean ere, kontuan hartu behar da banaketa-sisteman oinarritzen dela egungo Sistema. Bestela esanda, belaunaldien arteko solidaritatea oinarri hartuta, lanean aktibo daudenen kotizazioekin ordaintzen dira pasibo direnen prestazioak. Gainera, kotizazioak behar bestekoak izateko langileen ordainsariak ere egokiak izan behar dute, kotizazioak horien araberakoak izaten direlako.
Kontribuziorik gabeko babesa nahiko eskasa da oraindik. Ikustea besterik ez dago kontribuzio bidez babesten diren gertakizun guztietatik hiruzpalu baino ez direla babesten. Orobat, iragan maiatzean sona handiz onetsitako Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kontribuziorik gabeko babes bezala arautu bada ere, igarri-igarrian daude estatuak dituen zailtasunak eskabide guztiei erantzuteko. Kontribuziorik gabeko prestazio gisa saldu baldin badigute ere, egiatan, autonomia-erkidegoen esku dagoen gizarte-laguntzari muzin egin eta eraso zaio.
Baliteke horren erantzuna Toledoko Itunaren lehenengo gomendioan izatea. Beren-beregi aitortzen da kontribuzio-bidezko diru-sarrerekin aurre egin zaiela kontribuziorik gabeko prestazio askori. Hortaz, azken horiek zerga hutsez finantzatzearena ez da hain erraza. Enegarrenean esaten zaigu finantzazio-iturriak banandu behar direla, hots, kontribuzio-bidezko prestazioak kotizazioekin ordaintzeko eta kontribuziorik gabekoak estatuaren ekarpenekin, baina 24/1997 Legean hori berori jaso arren, ez da sekula santa errespetatu. Horrek, beraz, ez du batere sinesgarritasunik.
Bigarren gomendioa ere tranpatia da. Pentsioak KPIren arabera eguneratzeaz dihardu. Edonola ere, arazoa bestelakoa da. Egin-eginean ere, pentsioen ordezkotasun-tasa murriztuz joango da, eta, ondorenez, pentsiodunen erosteko ahalmena ere gutxitzen joango da. Ez da ahaztu behar, kasu askotan kotizazioak eskasak izateaz gain, urtez urteko mailaketa baten ondorioz, pentsioen oinarri-arauemailea kalkulatzeko aintzat hartzen diren osagaiak gogortzen doazela, bai eta horri aplikatu beharreko ehunekoa areagotzen ere. Gaur egun ordezkotasun-tasa %80 ingurukoa da. Beraz, kasurik onenean, %20koa da pentsiodunek galtzen duten erosteko ahalmena. Horren guztiorren inguruan zer diote Toledoko Itunaren gomendioek? Tutik ere ez.
Hirugarren gomendioak Gizarte Seguran-tzako Erreserba Funtsari erreparatzen dio. Hor ere, esanbidez aitortzen da bidegabe erabili dela funts hori. Bada, 28/2003 Legeak argi utzi zuen hori kontribuzio-izaerako prestazioei aurre egiteko baliatu behar zela. Hala ere, desbideraketak ugari bezain nabarmenak izan dira. Orain, funts horretan gutxieneko bat bermatzea da helburua. Nola ordea ez da esaten, ezta ere zer-nola berma daitekeen desbideraketarik ez izatea. Kotizazioen soberakinak funtsera bideratzea aipatzen da. Alabaina, kotizazioak berez urriak izanda, soberakinez aritzea ametsa izan daiteke, eta amesgaiztoa, berriz, funtsa kontribuziorik gabeko prestazioak edo estatuaren askotariko zor publikoa ordaintzeko baliatzen bada, orain arte egin bezala.
Laugarren gomendioak autonomoak har-tzen ditu gogoan. Jakina da aspalditik nahi dela autonomoek euren benetako irabazien arabera kotizatzea. Praktikan, ordea, ezin asmatuta dabiltza. Bikoitza litzateke helburua. Bateko, autonomoen pentsioak hobe-tzea. Besteko, Gizarte Segurantzan diru-sarrerak gehitzea. Aitzitik, autonomoentzako gomendatu diren bi neurri aurkako norabidean doaz: aldez aurretiko jubilazioa eta lanaldi partziala. Autonomoek diru-sarrerak bermatuak ez dituzten heinean, bi neurri horiek adar-jotze galanta izan daitezke.
Bosgarren gomendio gisa jubilazio-pentsioa kalkulatzeko orduan aintzat hartu beharreko kotizazio-aldia 25 urtera luzatzea onuragarri izan daiteke urtez luzez kotizazio altuak izan dituztenentzako. Baina kaltegarria izan daiteke kotizazio-aldi eskasak dituztenentzako. Dena den, hori 2011tik indarrean dagoen neurria da. Gainera, kotizatutako urte horiek zatitu behar dira zati-tzaile batekin, eta hori ere areagotzen doa, urterik urtera, 2022ra arte. Berrikuntza li-tzateke 25 urteko kotizazio-aldia ez muga-tzea jubilazioa hartu aurreko jarraikako urteetara. Horrela, interesdunak aukera izango luke bere lanbide-bizitza guztian zehar kotizatutako urte guztietatik 25 onenak aukeratzeko.
Seigarren gomendioaren arabera, enplegua sustatzeko kotizazioetan hobariak edo murrizketak ezartzea ez da bidea. Salbuespen gisa zenbait kolektibo aipatzen dira, hala nola, desgaitasuna duten pertsonak, gizartean baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak, iraupen luzeko langabetuak eta genero-indarkeriaren biktimak. Azken buruan, horrek berarekin dakar iraupen mugagabeko kontratazioa susta-tzeko 1997ko eta 2012ko lan-eraldaketetan baliatutako estrategia nolabait aitortzea. Aitzitik, egungo Gobernuak badu artaziak non sartu, makina bat direlako Gizarte Segurantzaren kontura baliatu nahi diren politikak, asko Gobernu horrek sortutakoak gainera. Kontraesanak nagusi beraz.
Zortzigarren gomendioan nabarmentzen da komenigarri litzatekeela behar bezala koordinatzea Gizarte Segurantzako Sistema eta autonomia-erkidegoetako gizarte-laguntzetako sistemak. Bitxia dirudi proposamen horrek, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarekin egin dutena ikusita, eta, gehienbat, Gernikako Estatutuan Gizarte Segurantzako araubide ekonomikoa kudeatzearen inguruan ezarri dena bete gabe dagoenean oraindik.
Hamabigarren gomendioan jubilazioa har-tzeko adina borondatez ahalik gehiena atzeratzea bultzatzeko neurrien premiaz hitz egiten da. Beste horrenbeste egiten da aldez aurretik hartutako jubilazioak gutxitze aldera. Labur-zurrean esanda, zehaztasun eta berrikuntza gutxi. Hausnarketa aspaldikoa da ordea. Jubilazio malgu, mailaz mailako eta geroratua 2002an arautu zen estrategia gisa. Bestalde, derrigorreko jubilazioa 2012an ezabatu bazen ere, 2018ko abenduan berreskuratu zen berriro. Jubilazioa eta lana bateragarri egitea ere ez da kontu beharria. Azken buruan, horrek berarekin ekarriko luke osasuntsu daudenei askatasuna aitortzea nahi duten uneraino lan egiten jarraitzeko, adinari erreparatu gabe. Ez da ahaztu behar XX. mendearen hasieran ezarri zela 65 urteko adina jubilazioa hartu ahal izateko, Europan heriotza-tasa 54 urtekoa zenean. Ordutik gauzak dezente aldatu dira.
Hamahirugarren gomendioan alarguntasun- eta zurztasun-pentsioak berritzea proposatzen da, errealitatearekin bat etor daiten eman beharreko babesa. Dena den, ez litzateke gaizki etorriko hori berori proposatzea ezgaitasun iraunkorraren eta lanaren arteko bateragarritasun kasuei begira.
Hamabosgarren gomendioa herritar orori gutxieneko pentsioa bermatzeaz ari da. Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2019an Etorkizuneko Lanerako eratutako Batzordearen ideiari heltzen zaio, baina helburua esan gabe: ahal den neurrian jubilazioa hartu ahal izateko adinera heldutako pertsonek lanean jarraitzea, lanorduak murriztuta. Zeelanda Berrian ere bermatzen da halako pentsioa, baina hortik gora baliabide ekonomikorik ez izatea egiaztatzen dutenei baino ez zaie ordaintzen jubilazioa, eta gabezia-egoera babesteko lain.
Hamaseigarren gomendioan gizarte-aurreikuspen osagarriaren garrantzia nabarmen-tzen da, batik bat, halakoak enplegukoak direnean. Azken finean, gure EPSVen eredua imitatu nahi dute, 2012an konstituzio-aurkakotasuneko errekurtsoz jositako legearena.
Hamazazpigarren gomendioan, azaletik bada ere, zaintzarengatiko edo guraso izateagatiko baimenak hartzen dira kontuan. Dena dela, 2022ko abuztuaren 2rako nahitaez bete beharko ditu Espainiak Europar Batasuneko 2019/1158 Zuzentarauan horien inguruan xedatutakoak.
Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea