Maria Jose Llergo, Charlie Cunningham eta Yerai Cortes ariko dira Kutxabankek babestutako Guggenheim Bilbao Museoaren Art & Music programaren kontzertu berrietan, datorren udaberrian. Hiru proposamenak flamenkoan inspiratuta daude, baina generoari oso modu desberdinean helduz.
Museoaren arkitekturaren eta bertako erakusketen testuinguruan, programak "kontu handiz aukeratutako zuzeneko proposamenak" eramango ditu Atriora, Guggenheim Bilbao Museoko iturriek jakinarazi dutenez.
Maria Jose Llergorekin hasiko da Art & Music zikloa, martxoaren 8an. Diziplina ugari lantzen dituen artista da, abeslari eta konpositore gisa nabarmentzen da, eta hainbat instrumentu jotzen ditu.
Apirilaren 5ean Charlie Cunningham ariko da. Bere denbora pianoaren eta gitarraren artean banatuz, artista ingelesaren "abesti malenkoniatsu eta erritmikoek" Europako kontzertu areto ospetsuenetara eraman dute.
Zikloa bukatzeko, Yerai Cortes izango da maiatzaren 10ean, flamenkoa lurralde ezezagun eta zirraragarrietara eramaten ari diren artisten belaunaldi berri bateko ordezkaria.
Art & Music programak aukera ematen die kontzertuetara doazenei erakusketak talde txikitan bisitatzeko, sarrerak museora 20:30etik aurrera sartzeko balio baitu, emanaldiak 22:00etan hasi aurretik. Gainera, Atrioan bertan edariekin eta pintxoekin prestatzen den taberna zerbitzua ere erabili ahal izango dute bertaratzen direnek.
Maria Jose Llergoren kontzertuaren sarreraren prezioa 34,7 euro izango da museoaren lagunentzat eta 38,5 euro gainerakoentzat, eta Charlie Cunninghamen eta Yerai Cortesen kontzertuetarako, berriz, 29,7 euro museoaren lagunentzat eta 33 euro gainerakoentzat.
Sarrerak Museoaren webguneko jardueren atalean erreserbatuko dira: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/jarduerak/art-music. Museoaren lagunentzako aldez aurreko salmenta asteazkenean hasi da, eta gainerakoentzat osiral honetan.