Eusko Jaurlaritzak UNRWA Palestinar Iheslariei Laguntzeko NBEren Agentziari eman dio 2024ko Rene Cassin giza eskubideen saria, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren defentsaren aldeko borroka nekaezinagatik".

Modu honetan, sariaren epaimahaiak aitortu eta balioa eman nahi izan dio Nazio Batuen Erakundearen (NBE) agentziak "milioika iheslari palestinarren giza eskubideen babesean eta sustapenean izan duen funtsezko konpromisoari".

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Rene Cassin saria 2003an sortu zen, giza eskubideen aldeko jarduketa nabarmenak publikoki aitortzeko asmoz, eta epaimahaiak, aurten, UNRWA agentziari ematea erabaki du, UNRWA Euskadi Batzorde Autonomikoaren bidez.

Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du erakunde hori aitortzea, "milioika iheslari palestinar babesteko egiten duen ahaleginagatik, eta hezkuntza, osasun arreta eta laguntza humanitarioa bezalako funtsezko zerbitzuak bermatzeko egiten duen lanagatik".

Laguntza humanitarioa

Hautagaitzan bertan jasotzen denez, "UNRWAk laguntza humanitarioa, segurtasun itxaropena, oparotasuna eta duintasuna ematen die Palestinako 5,9 milioi iheslariri, estremismoa eguneroko bizitzaren zigilua den eskualde batean". Gainera, gaur egun "aurrekaririk gabeko" egoera bati aurre egiten ari zaiola gogorarazi du.

Epaimahaiaren iritziz, "eskolak, ospitaleak eta babeslekuak hornitzen egindako lanari esker, milioika iheslari palestinarrek euren duintasuna gorde dute, garapenerako aukerak izan dituzte eta oinarrizko eskubideak defendatu dituzte, batez ere hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea".

Era berean, nabarmendu du krisi eta hondamendietan larrialdiko laguntza emateko agentziaren gaitasuna "funtsezkoa" izan dela "bizitzak salbatzeko eta gehien behar dutenen sufrimendua arintzeko". Gainera, "gogor lan egin du iheslari palestinarren eskubide zibilak eta giza duintasuna babesten, haien ongizatea sustatuz".

Ildo horretan, epaimahaiak adierazi du UNRWAren hautagaitzak sariaren deialdian eskatutako lau irizpideak bateratzen dituela: Giza Eskubideen esparruan denbora luzez inplikatuta egotea; Giza Eskubideen balioen garapenaren alde burututako jarduketak garrantzia izatea; jarduketa horrek euskal gizartean zein nazioartean eragina eta oihartzuna izatea; eta emakumeen eskubideen aldeko ibilbidean eragina izatea.

Horregatik guztiagatik, eta "jasotako abalen zeharkakotasun handiagatik", Rene Cassin 2024 giza eskuyideen saria UNWRAri ematea erabaki da.

Saria emateko ekitaldia abenduaren 9an egingo da, Bilboko Yimby Ercilla aretoan. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua ere bertan izango da.