Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareko (ETS) kontratazio batzordeak Lutxanako eta Sondikako geltokien arteko trenbidea eraberritzeko lanak esleitu dizkio Tecsa enpresari, 3,4 milioi euroren truke, BEZ aparte. Enpresa esleipendunak hiru hilabeteko epea izango du orain lanak egiteko.
ETSko iturriek jakinarazi dutenez, Metro Bilbaoko 1. linearekin lotzen den Erandioko Lutxanako geltokiaren eta Metro Bilbaoko 3. linearekin lotzen den Sondikako geltokiaren arteko tartea da proiektuaren xede. Ibilbidearen 4,5 kilometro inguruan, Lutxana eta Sondikakoaz gain, Zangroizeko geralekua ere badago, ibilbidearen erdian. Funtsean, balastoa (trabesak eusten dituzten harriak) eta trabesak aldatu eta trenbideak berrituko dira. Lanak 2025eko hasieran hasiko dira, eta dirauten bitartean, zerbitzua moztuko da.
Lutxana eta Sondika arteko tartea itxita egon da hainbat urtez bidaiarientzat, eta Euskotrenen garajeetara sartzeko baino ez zen erabiltzen. 2017ko apirilean inauguratu zen Metro Bilbaoko 3. linea eraikitzeko obrek Txorierriko eta Zazpikaleetako geltokien arteko lotura aldi baterako etetea eskatu zuten. Horren ondorioz berreskuratu egin zen Lutxana eta Sondika arteko lotune zaharra.
Gaur egun, Txorierri Linea bezala ezagutzen den Zazpikaleetako eta Lezamako geltokien arteko tartea Metro Bilbaoren sarean dago, Kukullaga-Etxebarri eta Matiko artean luzatzen den metroaren 3. linearen luzapen gisa. Sarearen konfigurazio berri horren ondorioz, hiri barruko mugikortasunerako zerbitzuen prestazioa eta kalitatea areagotu egin dira korridore horretan, 900 serieko tren berriak erosita zirkulazioen maiztasuna handitu eta material mugikorraren erosotasuna eta gaitasuna hobetu delako.