Donostia Kirola erakundeak udal kiroldegietako ateak irekiko dizkie aste honetan ezagutu eta erabili nahi dituzten guztiei, Kirolaren Europako Astea dela. Ekimena astelehen honetatik ostiralera izango da, irailaren 23tik 27ra, eta interesatuek kiroldegietako harrera tokira joan eta doako sarrera eskatu beharko dute.
Paco Yoldi, Gasca, Belodromo, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebietako kiroldegietan baliozkotuko dira sarrerak, eta gimnasioak eta igerilekuak erabili ahal izango dira, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez.
Gainera, larunbatean, irailaren 28an, doako kirol jardueren eskaintza egingo dau dal kiroldegietan, eta, edukiera dela eta, Kirol Txartelaren abonatuentzat gordeko dira. Guztira, 360 plaza izango dira doan, cross training, circuit training, TRX, ziklo indoor, pilates, body, latinzumba, yoga, GAP edo stretching jardueretan. Izen-ematea donostiakirola.eus webgunean edo aurrez aurre kiroldegietan egin ahalko da astelehen honetatik.
Kirolaren Europako Astea kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko Europako Batzordearen ekimena da. Kanpainaren gai nagusia #BeActive da, eta pertsona guztiak animatzen ditu aste horretan eta urte osoan aktibo egotera.
Kirolaren Europako Astea Kirol Ekintzak kanpainaren denboraldi berriko ikastaroen hasierarekin bat dator, datorren astelehenean hasiko baitira, eta 2025eko ekainaren 14ra arte iraungo dute. Oraingoz, 6.000 pertsona baino gehiago hasiko dira beren ikastaroekin, eta izen-ematea zabalik egongo da kanpaina osoan zehar eta plaza libreak geratzen diren bitartean. Aurreikuspenen arabera, 10.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.