Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Material Polimerikoen Unibertsitate Institutuaren (POLYMAT) 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da. Ekitaldian, honako hauek hartu dute parte: Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, unibertsitate institutuaren lehen zuzendari José M. Asuak, ORIBAY group Automotiveko gerente José Muñozek eta María Paulis erakundeko gaur egungo zuzendariak. Era berean, UPV/EHUko Ignacio Mª Barriola Zentroko atondoan institutuak antolatutako zientzia argazkien lehiaketako argazki irabazleen erakusketa bisita daiteke.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak bere hitzaldian nabarmendu duenez, "Material Polimerikoen Unibertsitate Institutua, POLYMAT, adibide bikaina da prestakuntza- eta ikerketa-proiektu bat gizarteari transferentziaren bidez nola proiektatzen zaion erakusteko. Eta, gainera, aliantza sendoa ezarri du administrazio publikoekin eta enpresekin. Horregatik ospatzen dugu gaur, bere lehen mende-laurdena, eta, gainera, onena oraindik etortzeke dagoelako ziurtasunarekin egiten dugu".

Euskal Herriko Unibertsitatearen Mater

ial Polimerikoen Unibertsitate Institutua 1999an sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Juan J. Iruin eta José M. Asua irakasleek sustatuta. Haren helburu nagusia da inguruko enpresek polimeroen arloan dagoen ikerketa eskaerari erantzutea. Sortu zenetik, institutuak funtsezko zeregina izan du material eta teknologia berrien garapenean, eta erreferente bihurtu da material polimerikoen arloko zientzian eta prestakuntza aurreratuan. Institutuak lau ikertalde ditu eta honako arlo hauek dituzte ardatz: Polimerizazio Prozesuak, Polimeroen Prozesatzea, Polimeroen Zientzia eta Polimeroen Erreologia.

Institutuaren garapena oso azkarra izan zen, hasieran tokiko eta nazioko industriekiko lankidetzen bidez, eta, oso denbora laburrera, gure mugetatik haratago. 2021ean, Liaison Program industriala abiarazi zen, hau da, uretan sakabanatutako polimeroen arloan interes orokorreko gaiei buruzko doktorego tesiak finantzatzen dituzten enpresa bazkideen programa. Programak abian jarraitzen du gaur egun eta 15 enpresa ditu. Eusko Jaurlaritzak oinarrizko zientzia garatzeko xede zuen Basque Excellence Research Centers (BERCs) programa abiarazi zuenean, epe luzeko ikerketa eta industriekiko interakzioak bateragarri egiteko aukera eman zuen. Institutuak polimeroetan aplikatzera bideratutako funtsezko ikergune bat eratzeko proposamena aurkeztu zuen. Proposamena onartu egin zuten eta ikergune berria (Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, POLYMAT Fundazioa) 2021ean inauguratu zen.