Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webean txertatuta lortu dute eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea.
Euskaraz idatziriko webgunea da Orioko Herri Ikastolarena, baina webaren goialdeko barra batean kokatuta dagoen Elia itzultzaile automatikoa erabiliz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, galizieraz, errumanieraz, urduaz eta arabieraz ere irakur daitezke webgunearen edukiak, Elhuyarreko eta Ikastolen Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.
Horrela, euskara ez dakiten ikastolako komunitateko gurasoek eskura dute beren hizkuntzan ikastolak webgunearen bitartez eskaintzen duen informazio guztia, eta elkarrekin errazago eta arinago komunikatu ahal izateko aukera eskaintzen du.
Balorazioa
"Gaurko gizartean inklusiorako behar beharrezko beste pauso garrantzitsu bat bezala" ikusi du urratsa Orioko Herri Ikastolak, nork bere ama-hizkuntzan informazioa jasotzeko aukera ematen baitu. Alor honetan aitzindaria izan da Orioko Herri Ikastola, lehenbiziko ikastola baita webgunea beste zortzi hizkuntzatan ere eskaintzen duena.
Beste ikastola batzuek ere interesa agertu dute sistema hau beren webguneetan txertatzeko, eta Ikastolen Elkarteko IKT taldea ikastolen eskariei erantzuteko bideak aztertzen ari da. Era berean, ikastolen jaien webguneetan eta ikastola.eus atarian ere Elia itzultzaile automatikoa txertatzeko asmoa dauka Ikastolen Elkarteak.
Adimen artifizialean oinarritutako eta puntako teknologia erabiltzen duen itzultzaile automatikoa da Elia (https://elia.eus). Euskara ardatz hartuta sortutako itzulpen automatikoko sistema da, kalitatezkoa eta segurua, eta proiektu hau gauzatzeko tresna egokia izan da. elia.eus webgunetik erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, itzultzaileak beste edozein aplikaziotan integratzeko erraztasunak eskaintzen ditu, eta horren adibide da egitasmo hau, non webguneko edukia momentuan itzultzeko aukera eskaintzen duen barra bat gehitu den.