Vital Fundazioak antolatzen duen 'Genero berdintasuna' zikloak bi hitzaldi eskainiko ditu hil honetan. Alde batetik, Dorleta Ortiz de Elguea margolari eta artista plastikoak 'Artistak, musak eta kultura asaldatzaileak' mintzaldia eskainiko du asteazkenean, apirilaren 10ean, eta, bestetik, Monica Alario filosofo eta ikerlariak 'Sexu indarkeriaren eskola' izenekoa ostiralean, apirilaren 12an.

Bi hitzaldiak 19:30ean hasiko dira, Vital Fundazioa Kulturunean, Gasteizen, eta sarrera librea izango da aretoko edukiera bete arte, antolakuntzako iturriek prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez.

Dorleta Ortiz de Elguea margolari eta artista plastiko gasteiztarrak 23 artista, musa eta kultura asaldatzaileri buruz hitz egingo du bere hitzaldian, kontuan izanda, batzuetan, hiru ezaugarri horiek emakume bakar batean agertzen direla. Historian barrena ibilaldia eskainiko du, eta mendeetan zehar artearen eta kulturaren munduko emakume ospetsu batzuk berreskuratuko ditu, bere irudi eta obraren ilustrazioekin batera.

"Emakume horietako askok jasan duten ikusezintasuna nahiz aintzatespen eta baliabiderik eza aztertuko ditu, beren lana eremu pribatuan egiten zutelako eta ezin zutelako eremu publikoan eta erakundeetan parte hartu, bere lankide gizonek ez bezala", azpimarratu dutenez.

Bestalde, Monica Alario filosofo eta ikertzaile madrildarrak pornografia belaunaldi berrientzako sexu hezkuntza bihurtu dela salatuko du bere hitzaldian, eta ikaskuntza mota horrek emakumeen aurkako sexu indarkeria errepikatzea sustatzen duela, gizonen sexu desira eraikitzeko era dela eta.

8 eta 11 urte bitarteko mutilek pornografiaren web orrietan klik bakarrean zer aurkitzen duten izango du hizpide, eta azalduko du hori "hezkuntza" edo "sexuala" dela zein neurritan esan dezakegun edo ikaskuntza horrek emakumeengan eta neskengan nola eragiten duen.