Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareako (ETS) kontratazio batzordeak Bilbo-Donostia linean Orio eta Usurbil artean egongo den Aginagako trenbide saihesbidearen eraikuntza atera du lizitaziora asteazken honetan, 32 milioi euroren truke (BEZik gabe), eta 40 hilabeteko egikaritze epearekin. Trenbide bikoitzeko 1.329 metroko tunela egingo da, egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du.
ETSk jakinarazi duenez, 93+166 eta 96+151 kilometro puntuen arteko trenbide trazadura trenbide bakarrean doa, Oria ibaiaren paraleloan. Puntu horretan meandro bat egiten du, eta, beraz, bihurria da, erradio txikiko kurba eta kontrakurbekin. Gaur egun, trenek Aginaga mendia inguratzen dute, eta bederatzi minutu behar dituzte Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokiak lotzeko.
Funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi tunel bat eraikitzean oinarrituko dira lizitazioko lanak. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta Donostiakoan 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du.
Trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta bi minutu gutxiko da Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaiarako denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu ahalmena handituko da, eta, beraz, gaur egun 30 minutuan behin zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minutuan behin zirkulatu ahal izango dute.
Trazadura aldaketarekin, ustiapenean ere hobekuntza nabarmena lortuko da. Trazaduraren inguruan zuhaitz eta ezponda ugari daudenez, arazo asko sortzen dituen baso eremua uztean, azpiegituran eragin gutxiago sortuko da eta mantentze lanak murriztu egingo dira. Horrek bidaiarien erosotasun eta segurtasun baldintzak optimizatzen lagunduko du.