Donostiako Udalak hirian dabiltzan turista taldeak arautuko ditu, Donostia Turismoa erakundearen bitartez, eta aurki onartuko du bisita gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea, bisita gidatuetan gehienez ere 25 lagunek parte har dezaten.

Neurria apirilaren 10etik egongo da indarrean, eta tokiko gida enpresekin adostu dute, muga hori errespetatzeko konpromisoa hartu baitute. Gainera, gida zerbitzuak emateko ordu muga ere ezarri da, 08:00etatik 23:00etara bitarte, hain zuzen.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak neurria aurkezteko agerraldian azaldu duenez, mundu osoko bisitari, turista eta txangozaleen kopuruaren hazkundearekin bat, bisita gidatuen taldeen kopuruak nabarmen egin du gora Donostian azken urteotan. Talde horien presentziak eragina du hiriko eguneroko bizitzan eta bertako biztanleengan, batez ere jende gehien biltzen den lekuetan, eta horietan bizikidetza eta mugikortasuna baldintza dezake.

Horregatik, Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak taldeen presentzia mugatu nahi dute, baita presentzia turistiko hori eta jarduera turistikoa bizilagunekiko bizikidetzarekin harmonizatuko dituen egoera sustatu ere.

"Eskuartean duguna eta kezkatzen gaituena turismoaren kudeaketa da, eta horrek proaktiboa izatea eta aurrea hartzea esan nahi du. Sektorean aukera berriak sortzeko eta donostiarren bizi kalitatea hobetzeko. Aurrea hartzea arazoak aldez aurretik detektatzea eta konponbideak jartzea ere bada", adierazi du Insaustik.

Gainera, sektorearen eta, kasu honetan, turismo jardueran aritzen diren tokiko enpresen laguntza eta inplikazioa eskertu du, udal zerbitzuekin batera jarduera hori garatzeko esparrua adostu dutelako.