2023ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan 3.478 haur jaio ziren —aurreko urteko aldi berean baino % 1,6 gutxiago—, Eustaten datuen arabera. Urteko jaitsiera metatua % 3,2koa izan da. Lurraldeka, jaitsierarik nabarmenena Gipuzkoan gertatu da, % 3; Bizkaian ere behera egin du, % 1,2; Araban, berriz, % 0,2 igo da. Kopuru absolutuetan, Bizkaian 1.763 haur jaio ziren, Gipuzkoan 1.150 eta Araban 565.
2023ko udako hilabeteetan, ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 50 izan ziren; 2022ko hiruhileko berean erregistratutako % 49,5en gainetik. Ehuneko hori % 53,3koa da Bizkaian, % 49,7koa Araban eta % 45ekoa Gipuzkoan.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, erdiak baino gehiago, 1.788, lehenengo seme-alabak izan ziren 2023ko hirugarren hiruhilekoan; 1.195 haur D % 34,4) aurretik beste haur bat zegoen familietan jaio ziren; eta % 14,2 familia bateko hirugarren eta ondorengo seme-alabak izan ziren.
Jaiotakoen amen % 10,9k 40 urtetik gora zituen
Jaiotzak amen adinaren arabera banatuz gero, 30-39 urteko amen taldea izan zen nagusi, eta horien artean izan ziren erditzeen % 68,8. Ehuneko askoz txikiagoa erakusten zuten 25-29 urtekoen taldeak (% 13,3) eta 25 urtetik beherakoenak (% 7); 40 urtetik gorako amen taldea, berriz, % 10,9 zen.
Ama ezkongabeen amatasun-adina ama guztiak hartuta kalkulatutakoa baino txikiagoa izan zen; izan ere ama ezkongabeen % 9,5ek 25 urte baino gutxiago zituen, eta % 15,8k 25-29 urte bitartean; 40 urtetik gorako ama ezkongabeak % 11 izan ziren.
Handitu egin da atzerriko nazionalitatea duten amen kopurua
2023ko uztailean, abuztuan eta irailean, Euskal AEn jaiotakoen amen % 31,3k atzerriko nazionalitatea zuen. 2022ko aldi berean, ehuneko hori % 31,1 izan zen. Lurraldeka, Araban % 38,4 izan ziren, Gipuzkoan % 32,6 eta Bizkaian % 28,2.