Jardunbide gakoak identifikatu dituzte mendebaldeko Pirinioetako landa-inguruko biodibertsitatea indartzeko
Journal of Environmental Management aldizkarian argitaratutako ikerlanak bazka-partzelak aztertu ditu, gutxitan ikertutako unitatea
Nahiz eta landa-garapeneko eta biodibertsitatea kontserbatzeko Europako estrategiek aspalditik onartzen duten balio natural handiko abeltzaintza-sistema estentsiboek duten garrantzia, inguru horietako asko gaur egun mehatxupean daude, intentsifikazioagatik eta lurrak utzi egiten direlako. Balio natural handiaren (high natural value, HNV) kontzeptuak edo adierazleak barruan hartzen ditu biodibertsitatea mantentzen laguntzen duten eta horretarako garrantzia duten landa-sistema guztiak. Hainbat lan egin dira paisaiaren eskalan balio natural handia duten guneak identifikatzeko. Oso urriak dira, ordea, kudeaketa-unitate oinarrizkoenen –hau da, partzelen– mailako ikerlanak.
Euskal Herriko Unibertsitateko FisioKlima-AgroSosT ikerketa-taldeak eta erakunde laguntzaileek partzela mailako landa-ikerketa zabala egin dute. “Partzelaz ari garenean erabilera-unitateen eskalaz ari gara —erabilera eta jabe bakarreko larreak—“, azaldu du Iker Pardo Guereñok, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologiako saileko irakasleak. Horretarako, “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako 144 partzela inguru ikertu ditugu, eta metodologia bat garatu dugu haien balio naturalaren adierazle bat lortzeko, islatzen duena zeinen intentsiboa den erabilera eta zer ekarpen egiten dion biodibertsitateari”, azaldu du Iker Pardok.
Adierazle berri hori zenbait indizetan oinarrituta dago, zeinek batera biodibertsitatearen ebaluazio osatuagoa ematen baitute ohiko adierazleek baino (esaterako, espezieen aberastasuna). Gainera, “datuak erraz jaso daitezke lekuan bertan, eta horrek aukera ematen du espezializatu gabeko jendeak parte hartzeko (adibidez, nekazariek edo abeltzainek), beren lurren edo larreen balio naturala ebaluatzen eta haien jarraipena egiten”.
Biodibertsitatea hobetzen laguntzen duten faktoreak
Honako hau da ikerlanaren ondorioa: “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetan azienda-mota da larrearen balio naturala zehazten duen faktore garrantzitsu bat. Zaldi-azienda, ardi-azienda edo biak nahastuak zituzten partzelek nabarmen balio natural handiagoa zuten behi-azienda zutenek baino”.
Horrez gain, Pardok azpimarratu duenez, “lehentasuna eman behar zaio era estentsiboan eta tratamendurik gabe (landatzea eta/edo ongarritzea) erabiltzen diren bazka-partzelak babesteari eta kontserbatzeari, balio natural handia baitute. Nekazaritzako politikek indartu egin beharko lukete dauden belarretarako larre eta bazkaleku erdinaturalak lehengoratzea, mantentzea eta kontserbatzea, eta esku-hartzeak diseinatu beharko lituzkete, utz edo intentsifika ez daitezen”. “Pirinioetan, belarretarako zelai tradizional asko belardi artifizial bihurtu dira, eta horrek, azterlan honetan agerian utzi denez, balio natural handia galtzea dakar. Hortaz, lehentasuna izan beharko luke egoera hori lehengoratzeak”, gaineratu du UPV/EHUko ikerlariak.
Azkenik, “Natura 2000 sarean sartutako partzelek naturaltasun-balio nabarmen handiagoak zituzten haren kanpo daudenek baino. Dena den, Natura sareak egindako ekarpena aztertzeko denborari-testuinguruari erreparatu behar zaio; izan ere, litekeena da Natura 2000 sareko partzelen egoera ona izatea dagoeneko sarean sartu zirenean”, argitu du Iker Pardok.
Balio naturalaren indizea berariaz Pirinioetako larreekin probatu zen arren, “ikusmolde hori abeltzaintzako edozein gune edo eskualdetara zabaldu liteke, adierazleak tokian tokiko egoerara egokituz gero”. Orobat, “proposatutako landa-azterketaren metodoa hain da soila, ezen indizea egokia baita aztertzeko biodibertsitatearen arloan arrakasta duten ala ez nekazaritzako eta ingurumeneko dirulaguntzen bitartez lagundutako jardunbideek”, gaineratu du Iker Pardok.
Temas
Más en Mundo
-
Detienen a un empleado de hospital en Budapest acusado de profanar cadáveres y almacenar restos humanos en su casa
-
Alemania plantea ligar la edad de jubilación a la esperanza de vida y crear una pensión obligatoria de capitalización
-
Israel incumple el alto el fuego y mata a dos personas en el sur del Líbano
-
Países Bajos registra el primer caso de eutanasia a un niño menor de 12 años