Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko 15 urteko eta gehiagoko herritarrek pertsonengan duten konfiantzak 5,8ko puntuazioa agertu du 10etik, eta familia-sareko edo adiskide taldeko pertsonenganako konfiantzaren kasuan lortu du baliorik handiena (7,0). Erakundeekiko konfiantzak, berriz, gora egin du eta 5,0ra iritsi da, hau da, 2022an lehen aldiz iritsi da "nahiko” kalifikaziora.

Lanbideekiko konfiantzaren kasuan (5,6), aurreko edizioekin alderatuta etengabe gora egin duela ikus daiteke. Baloraziorik onena lortu dutenak medikuak izan dira (7,6), eta, haien atzetik, zientzialariak (7,3) eta irakasleak (7,0) kokatu dira. “Nahikoa” lortu dutenak honako hauek dira: poliziak (6,3), merkatariak (6,0), funtzionarioak (5,6), epaileak (5,5) eta enpresaburuak (5,1). Bestalde, politika-arloko profesionalek, aurreko puntuazioarekin alderatuta 6 hamarreneko igoera izan badute ere, notarik txarrena jaso dute berriz ere (3,0). Puntuazio txarra izan dute, halaber, apaizek (4,3) eta militarrek (4,7), eta informazioaren arloko profesionalak “nahiko” notatik hurbil geratu dira (4,9).

Senideek eta adiskideek osatutako sareei dagokienez, euskal herritarrek, aurreko edizioan bezala, 24 pertsona dituzte beren ingurunean batez beste. Zifra hori, nolanahi ere, erdira murrizten da ingurunerik hurbilenaren kasuan.

2022an, adiskide taldea ez da hain homogeneoa erlijio-sinesmenei, nazionalitateari, gizarte-mailari edo joera politikoari dagokienez, eta adiskide taldean homogeneotasun-maila handia dutela adierazi duten herritarrak jada ez dira gehienak (% 46,1, hau da, duela 5 urte baino 5,1 puntu gutxiago). Herritarren homogeneotasunaren adierazlea 5,4koa izan da 10etik, eta alderik handienak adinaren eta amaitutako ikasketen mailaren arabera agertu dira. Izan ere, 25-34 urteko gazteek dituzte homogeneotasun-mailarik txikieneko sareak (4,0), eta 65 urtetik gorakoek, berriz, mailarik handienekoak (7,4); ikasketa-maila kontuan hartuta, lehen mailako edo hortik beherako ikasketak dituzten pertsonek sare homogeneoagoa dute (6,5), eta unibertsitate-ikasketak dituzten herritarrek, berriz, aniztasun handiagoa agertzen dute. Alderaketa eginez gero, adierazleak behera egin du azken 5 urteetan herritar guztien kasuan (5,9 2017. urtean).

Adiskide- eta senide-sareetako pertsonen kopuruan eraginik handiena duten aldagai sozioekonomikoak familia mota eta adierazitako gizarte-klasea dira. Izan ere, seme-alabak dituzten bikoteek dute kopururik handiena (26 senide eta adiskide batez beste). Pertsona bakarreko familien kasuan, 20 kide dira, eta establezimendu kolektiboetan bizi diren pertsonen kasuan, berriz, 19. Adierazitako gizarte-klaseari dagokionez, goi-klaseko pertsonek 27 senide eta adiskide dituzte, eta behe-klasekoek, berriz, 17. 15-24 urteko gazteek ere 27 pertsonako sarea dute.

Azkenik, sare hurbilaren tamainak (harreman hurbileko senideak eta adiskideak) beherakada txiki bat izan du, eta 13 pertsonatik 12ra jaitsi da 2017tik 2022ra bitartean. Sare horren tamaina handiagoa da goi-klasekoak direla adierazi duten pertsonen eta zuzendaritzako langileen artean atzerritarren eta behe-klasekoak direla adierazi duten pertsonen artean baino (14 pertsona eta 9 pertsona, hurrenez hurren).