Nobel saria jaso zutela ezagutu bezain laster, Katalin Karikók eta Drew Weissmanek aprobetxatu zuten jasaten ari diren irainak eta mehatxuak salatzeko XXI. mendeko aurkikuntza garrantzitsuenetako bat asmatzeagatik, gure gizartea berriz martxan jarrarazi zuena, eta hainbat bizitza salbatu zituena. Orain bai, covid-19 gripe gogor bat besterik ez da, GIBa gaixotasun kronikoa bihurtu zen bezala duela ia hiru hamarkada. Penizilina sortu zen arte, gizakiok hiltzen ginen gaizki sendatutako ebaki txiki batentagatik hatz potoloan, eta malariaren aurkako borroka gainditzen ari gara pausoz pauso txertoek lagunduta. Gaur egun ere ikara eraso igarokorrak jasaten ditut noizbehinka musukoa ez eramateagatik tranbian; hori da duela hiru urteko ametsgaiztoaren geratzen den aztarna bakarra, niretzako behintzat, bi zientzialari horiei esker. Eta jaso duten esker ona, Nobel saria aparte, zuziz hornitutako eta guztirako prestatutako ero mordo baten pitokeriak izan dira, sare sozialetan zabalduta. Hori bai pandemia geldiezina, ezjakintasun eta sineskeriarena, sorgin eta xamaneena, gezurti eta oportunisteena, beldurra eta gorrotoren hedatzaileena. Gizakion ergelkeriaren aurrean ez dago txertorik.