Batera deialdian hautatutako bi kultur proiektuen 'crowdfunding' kanpaina abian da
Proiektuetako bat Elkaar Ensemble euskal haize boskotearen 'Herri Hotsak' CDa da
Gasteizko IAK Izaskun Arrue Kulturguneak Gauekoak programaren elkarlanarekin bultzatutako Batera deialdian aukeratutako bi kultur proiektuen crowdfunding kanpaina jarri da martxan astearte honetan Itsulapikoa plataformaren bidez (https://www.itsulapikoa.eus/), eta horrela, herritarren ekarpenei esker Elkaar Ensemble taldearen 'Herri Hotsak' diskoa eta Gaueko: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan mahai joko literarioa errealitate bihurtzeko bidea zabaldu da.
Lazarraga Kultur Elkartetik jakinarazi dutenez, proiektu bakoitzaren xehetasunak ezagutzeaz gain, aurrera egiteko behar duten gutxieneko finantzaketa helburua eta garapen eta ekoizpen osoa ahalbidetuko duen aurrekontu optimoa ikusi ahal izango dituzte Istulapikoa plataforman interesa duten herritarrek. Aldi berean, ekarpena egiten dutenek hainbat ordainsari jasotzeko aukera izango dute.
Proiektuetako bat Elkaar Ensemble euskal haize boskotearen Herri Hotsak CDa da. Taldeak bere lehen diskoa grabatu nahi du, Euskal Herriko musika klasikoa eta herri musika uztartuz, eta proiektuak, besteak beste, euskal konpositoreen lanak eta lurralde desberdinetako kanta tradizionalen moldaketak bilduko ditu.
Bigarren proposamena Gaueko: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan euskaratik eta euskaraz sortutako mahai joko literarioa da. Rol jokoa, sormena, ipuingintza eta euskal mitologia uztartzen dituen tresna berritzailea da, eta, bereziki 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat pentsatua bada ere, belaunaldi guztiek elkarrekin gozatzeko diseinatua izan nahi du.
Izaskun Arrue Kulturguneak tokiko kultur sorkuntza sustatzeko eta proiektu berriei ikusgarritasuna emateko apustua egin du beste behin, Gauekoak programaren elkarlanarekin bultzatutako Batera deialdiaren bidez. Ekimenaren baitan, crowdfunding "finantzaketa tresna hutsetik harago doa, herritarrak kultur proiektuen garapenean zuzenean parte hartzera gonbidatzen dituen tresna bihurtuz".
Temas
Más en Gasteiz
-
Detenido por agredir a un vigilante tras robar en un establecimiento comercial
-
Ignacio Aldecoaren familiak 653 argazki eman dizkio dohaintzan Gasteizko Pilar Arostegi Udal Artxiboari
-
El mural del 3 de Marzo renace en Zaramaga
-
Vitoria tendrá todo listo en enero de 2027 para cobrar las estancias turísticas